Bruselak kontraesanak ikusi ditu muga-zerga berrien eta EBren eta AEBren arteko itunaren artean, eta argibideak eskatu dizkio Trumpi
Bi aldeek abuztuan adostutako itun komertziala errespetatzeko eskatu dio Bruselak AEBri: "Tratu bat tratu bat da".
AEBko Auzitegi Gorenak Donald Trumpen muga-zergak baliogabetu izanak eta AEBko presidenteak % 15eko tasa berriak ezarri izanak lurrikara eragin du aurretik nahikoa nahasita zegoen nazioarteko merkataritzan. Anabasaren erdian, Bruselak kargu hartu dio AEBri, eta aurrerantzean gai honetan emango dituen urratsak "argi eta garbi" jakinarazteko eskatu dio.
Europako Batzordeak eta AEBk itun komertziala izenpetu zuten abuztuan, eta, itun horren arabera, Europar Batasunak (EB) % 15eko zerga orokorra onartu zuen, eta, trukean, AEBko industria-ondasunek ez zuten muga-zergarik izango.
Trumpen azken iragarpenak, baina, ez ditu orduan adostutako "baldintza bidezko, orekatu eta bientzako onuragarririk" ahalbideratzen, Europako Batzordeak gaur kaleratutako ohar baten bidez nabarmendu duenez.
Bernd Lange Europako Parlamentuko Merkataritza Batzordeko presidenteak ohartarazpen argia egin zuen atzo, eta, are gehiago, abuztuko ituna bertan behera uzteko proposatu zuen; izan ere, horren ustez, "egoera kaotikoa da, inork ez du ezertxo ere ulertzen jada".
"Tratu bat tratu bat da", erantsi du gaur Europako Batzordeak. "AEBren bazkide komertzial garrantzitsuena garen aldetik, AEBk itunean jasotako konpromisoak beteko dituelakoan gaude, EBk bereak betetzen dituen heinean".
Ohartarazpenak ohartarazpen, Bruselak azpimarratu du "egoera komertzial egonkorra, aurreikusteko modukoa, bermatzea" duela lehentasun, eta horretarako "harreman estua eta etengabea" duela AEBko Gobernuarekin.