IRANGO GERRA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ormuz indarrez hartzeko eskatu die Trumpek aliatuei

Etxe Zuriak esan duenaren arabera, itsasartea irekitzea ez da erasoaldi militarraren lehentasuna. Hala, Trumpek kaltetutako herrialdeei iradoki die petrolioa AEBei eros diezaieketela. Bitartean, Erresuma Batuak defentsa sistema berriak eta soldadu gehiago bidaliko dituela iragarri du.

Washington (United States), 29/03/2026.- US President Donald Trump walks on the South Lawn of the White House upon his return to Washington, DC, USA, 29 March 2026. EFE/EPA/Yuri Gripas / POOL

Donald Trumpek Ormuzeko itsasartea "indarrez hartzeko" eskatu die aliatuei. AEBko presidenteak iradoki du bere herrialdearen helburu nagusia ez dela kanal hori irekitzea, ez duelako bertatik iristen den petrolio gordinaren behar handirik.

Ormuz itsasartea ia erabat itxita dauka Iranek Washingtonek eta Israelek hasitako gerraren ondorioz. Truth Social sare sozialean argitaratu duen mezu batean, Trumpek mezua bidali die itxierak eragiten dien herrialdeei. Bi aukera eman dizkie: itsasartzea indarrez hartzeko "nahikoa adore" bildu dezatela edo AEBei petrolioa erosteko.

Trumpen mezua NATOko bere aliatuei edota Asiako herrialdeei egindako ohartarazpen gisa ulertu da. Ekialde Hurbiletik petrolio-fluxua, gas likidotua eta funtsezko beste lehengai batzuk eteteak gero eta gehiago eragiten dien herri guztiei buruz aritu da. Bere hitzetan, herrialde horiek "beren kabuz borrokatzen ikasi beharko dute, Estatu Batuak jada ez baitira egongo laguntzeko".

Izan ere, AEBko presidentearen hitzetan ulertu daiteke ez duela itsas pasabide estrategikoa irekitzeko aparteko interesik, bere herrialdea ez dagoelako eskualde horretatik datorren petrolio gordinaren eraginpean. Hala, Etxe Zuriak ere gogorarazi du Ormuzeko itsasartea berriro irekitzea ez dela erasoaldi militarraren helburu nagusia, eta lehentasuna dela Iranen itsas-, misilen- eta garapen nuklearraren gaitasunarekin amaitzea.

Erresuma Batuak baliabide gehiago bidaliko ditu Ekialde Hurbilera

AEBko presidenteak Erresuma Batua aipatu du bereziki argitaratutako mezuan. "Iran suntsitzeari" uko egin ziola gaineratu du. Hala ere, herrialde horrek jakinarazi du defentsa sistema berriak eta tropa gehiago bidaliko dituela Ekialde Hurbilera.

Egunotan Saudi Arabian, Qatarren eta Bahrainen egon da bisitan John Healey defentsa ministroa eta, besteak beste, defentsan lankidetza handitzea adostu du herrialde horietako arduradunekin. 

Healeyk iragarri duenez, armada britainiarrak aireko defentsa sistema berriak bidaliko ditu inguru hartara; baita 1.000 soldadu gehiago ere sistema horiek instalatzen, entrenatzen eta operatzen laguntzeko. Halaber, Qatarren lanean ari den hegazkin-eskuadroia handituko dutela ziurtatu du.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X