Trumpek ziurtatu du "larriki zaurituta" dagoela Iranek eraitsitako ehiza hegazkineko pilotua
Hasiera batean, AEBko presidenteak esan du onik erreskatatu dutela. Teheranek, ordea, adierazi du AEBko aireontziak suntsitu dituztela eta operazioak "porrot" egin duela.
F15 hegazkin bat, lurreratzen. Argazkia: Europa Press
AEBko presidente Donald Trumpek ziurtatu du "larriki zaurituta" erreskatatu dutela Iranek eraitsitako F15 ehiza hegazkineko pilotua. Horren esanetan, pilotuak bi egun eman ditu Iranen galduta.
Hasiera batean, baina, Trumpek esan du "bizirik eta onik" erreskatatu dutela, nahiz eta ordu batzuk geroago goizean emandako informazioa zuzendu duen.
"Lortu dugu! Azken orduetan, AEBko Indar Armatuek bilaketa eta erreskate operazio ausartenetako bat egin dute, gure tripulazioko ofizial harrigarri bat erreskatatzeko", zabaldu du Trumpek bere argitalpenean.
Horren aurrean, Iranek ordu batzuk geroago adierazi du eragotzi egin dutela AEBk pilotua erreskatatzeko egin duen saiakera, zenbait aireontzi harrapatuta.
"Etsaiak Isfahan hegoaldean zituen aireontzi inbaditzaileak, bi Black Hawk helikoptero eta C-130 garraio militarreko hegazkin bat tartean, harrapatu ditugu (...) eta pilotua erreskatatzeko saiakerak porrot egin du", ziurtatu du Ebrahim Zolfagari koronelak, Khatam al-Anbiya Kuartel Nagusiko bozeramaileak, Tasnim agentziak jakinarazi duenez.
Guardia Iraultzaileak, Armadak, Basij miliziak eta segurtasun indarrek batera egin dute operazioa.
Guardia Iraultzaileak ohar baten bidez adierazi duenez, aireontziak suntsitu dituzte operazioan, eta "beste porrot umiliagarri bat" izan da AEBrentzat.
Ostiralean, Iranek AEBko F-15 ehiza hegazkin bat bota zuen bere lurraldean, otsailaren 28an gerra hasi zenetik lehen aldiz. Bi tripulatzaileetako bat erreskatatu zuten, baina bestea ez.
F-15 hegazkina eraitsi zuten ia une berean, beste hegazkin militar bat, A-10 Warthog bat, Ormuzko itsasartetik gertu erori zen, eta Iranek jakinarazi zuen berak eraitsi zuela hori ere.