Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek negoziazioei ekingo diete berriro larunbatean Pakistanen
Karoline Leavitt AEBko bozeramailea. Argazkia: Europa Press
Etxe Zuriak ostiral honetan baieztatu duenez, AEBko ordezkaritza bat bidaliko dute Islamabadera (Pakistan), Ekialde Hurbilean hasitako gatazkari amaiera emateko Iranekin elkarrizketa zuzenak izateko.
"(Steve) Witkoff ordezkari berezia eta Jared Kushner bihar goizean Pakistanera joango direla baieztatu dezaket", adierazi du Karoline Leavitt AEBko bozeramaileak Fox News telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean.
Leavittek azaldu duenez, Witkoff eta Kushner Pakistango hiriburura doaz, "irandarrek elkarrizketa hori aurrez aurre eskatu zutelako". Hori dela eta, Donald Trump agintari estatubatuarrak Steve eta Jared bidaltzea erabaki du, "esateko dutena entzuteko". "Elkarrizketa emankorra izatea eta akordio baterantz aurrera egitea espero dugu", ziurtatu du bozeramaileak.
Irango agintariek ez dute baieztatu bilera egingo dutenik, baina Abbas Araqchi Atzerri ministroak bira bat hasiko du gaur gauean Pakistanen, Omanen eta Errusian, AEBren eta Israelen aurkako gerraren egungo egoeraz hitz egiteko.