Inoizko hauteskunde polarizatuenen bigarren itzulia Kolonbian
Hauteskunde aurreko aurreikuspenen arabera, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak botoen % 50 inguru lor ditzake eta Ivan Cepeda ofizialistak, berriz, botoen % 44. Ikusteko dago iragarpenek asmatzen duten ala ez.
Kolonbiako presidenterako hauteskundeak fase erabakigarrira iritsi dira. Abelardo de la Espriella ultraeskuinaren hautagaia eta Ivan Cepeda ofizialismoaren hautagaia buruz buru arituko dira, lehen itzuliko emaitzak argitzeko.
Polemika ugari izan dira hitzordu honen inguruan: AEBren esku-sartzea, Gustavo Petro presidenteak lehen itzuliko emaitzak zalantzan jarri izana, De la Espriellak Kolonbiako futbol selekzioaren elastikoaren erabilera politikoa egitea, etab.
Inkesta guztien arabera, De la Espriella buru duen Aberriaren Defendatzaileak mugimenduak irabaziko ditu hauteskundeak. Kolonbiako politikaren outsider delakoari behin baino gehiago gogorarazi diote kanpainan talde paramilitarrekin ustez dituen loturak, baina horrek ez ditu jarraitzaileak atzendu. Urte hasieran, boto-asmoaren % 20 biltzen zuen ultraeskuindarrak, baina botoen % 50 jasoko omen ditu bigarren itzulian, inkesten arabera, Cepeda urrun (botoen % 44 inguru) utzita.
42 milioi lagunek dute botoa emateko eskubidea Kolonbian, eta bi herrialde ereduren artean erabaki beharko dute. Maiatzeko lehen itzuliak argi erakutsi zuen jendartea oso polarizatuta dagoela: De la Espriellak Cepedak baino 660.000 boto gehiago jaso zituen, 406.000 pertsonak boto-paper zuria eman zuten, 245.000 boto baliogabeak izan ziren eta 17 milioi pertsona abstenitu egin ziren.
Beste leku batzuetan ez bezala, Kolonbian abstentziora jo ohi dute zentroko jarraitzaileek, eta bereziki horiei zuzendu zaie azkenaldian Cepeda, tonua motelduz eta Claudia Lopez hautagai ohiarekin aliantzak eginez, adibidez. Horrez gain, programa leundu du, Konstituzioa erreformatzeko asmoak ere baztertuz.
De la Espriellak, bere aldetik, beste hautagai kontserbadore batzuen babesa du, Paloma Valenciarena (lehen itzulian hirugarrena izan zen) eta Alvaro Uribe presidente ohiarena, besteak beste. Baina, zalantzarik gabe, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen babesa da mediatikoena. Izan ere, Trumpek birritan adierazi du Tigrearen alde dagoela.
Trumpen aldetik lausenguak baino ez ditu izan De la Espriellak, eta AEBko buruak iradoki du bi herrialdeen arteko harremanak onak izango direla, berak espero duen hautagaia nagusitzen bada.
De la Espriellak bat egin du Washingtonek narkotrafikoari eta krimen antolatuari aurre egiteko politikekin.