Bost atxilotu lehergailuekin lotuta, AEBk erabiltzen duten base britainiar batetik gertu
"Erresuma Batuko atxiloketak oso onak izan dira. Britainia Handiarekin ederki lan egin dugu. Orain ikerketapean ditugu. Gure gotorlekuari kalte handia eragin nahi zioten", adierazi du Trumpek.
Operazioa Fairforden. Argazkia: EuropaPress
Bost gizon atxilotu eta 85 etxebizitza hustu dituzte igande honetan Gloucestershire konderrian (Ingalaterrako hego-mendebaldea) dagoen base militar baten inguruan. Bertan, terrorismoaren aurkako polizia lehergailuekin zerikusia duen gertakari bat ikertzen ari da.
Hedabideen aurrean egindako agerraldi batean, Richard Ocone Gloucestershireko Poliziaren komisariordeak baieztatu du segurtasun operazioa gaur goizean hasi dela, Fairfordeko Aireko Armadaren basera (RAF) zihoazen "hiru ibilgailu susmagarriri" buruzko informazioa jaso ostean.
"Agente armatuak bertaratu dira, eta bost gizon atxilotu dituzte, Lehergailuen Legean jasotako delituak egin dituztelakoan. Ondoren, ekintza terrorista bat prestatzen ari zirelakoan ere atxilotu dituzte", adierazi du komisariordeak.
Lanean jarraitzen dutela gertakariaren izaera zehatza argitzeko ere esan du, eta, aldi berean, "herritarrei espekulaziorik ez egiteko" eskatu die, "albiste guztien berri izateko bide ofizialei jarraitzeko" ere eskatu dielarik.
Terrorismoaren aurkako Poliziaren koordinatzaile nazional Vicki Evans komisario laguntzaileak gaineratu du ikerketaren "lehen etapetan" daudela.
Base hori erabili izan dute AEBek Iran bonbardatzeko.
Donald Trump AEBko presidenteak txalotu egin du atxiloketak: "Erresuma Batuko atxiloketak oso onak izan dira. Britainia Handiarekin ederki lan egin dugu. Orain ikerketapean ditugu. Gure gotorlekuari kalte handia eragin nahi zioten", adierazi du Chicagon lurreratu denean.
"Aspalditik genituen zaintzapean, eta harrapatu egin ditugu", gaineratu du, galdera gehiagori erantzun gabe.