Denboraleak 'Luno' zamaontzia bi zatitan puskatu du Angelun
‘Luno’ ontzia bitan apurtu da Angeluko Barren hondartzaren parean, Iparraldean. Murueta ontziola bizkaitarrak 1994. urtean egindako ontzia atzo atera zen Pasaiako Portutik eta, gaur goizean, bitan zatitu da itsas denboralearen ondorioz. ‘Luno’ merkataritza ontzi bat da eta ez darama zamarik. Hala ere, 127.000 litro kubiko gasolio eta 12.000 litro olio daramatza eta kutsadura egoteko arriskua dago.
Ontzi barruan 12 lagun egon dira, eta Frantziako armadaren bi helikoptero tokira joan dira marinelak ateratzeko helburuarekin. Dagoeneko hamabi marinelak ontzitik atera dituzte. Jean Espilondo Angeluko alkateak azaldu duenez, marinel bat zauritu da eta, kolpearen ondorioz, sudurra apurtu du.
Galiziako bost marinel, Kubako bat, Asturiaseko bat, Kantabriako bat, Kataluniako bat eta bi euskal herritar (Barakaldoko bat eta Getxoko beste bat) zihoazen ontzian.
Angeluko hondartzan, gasolio usaina handia dago eta Poliziak segurtasun lerroa ezarri du. Angeluko alkateak ohartarazi du kutsadura arriskua "benetakoa" dela eta kostaldera ez hurbiltzeko gomendioa egin du.
Espilondok azaldu duenez, ontziak 100 tona erregai zituen, 70 Cavalier hondartzan behea jo duen barkuaren brankan daude, "albiste on" bat; beste 15 tona morruan hondartu den popan daude, eta gainerako 15 tonak itsasora isuri dira dagoeneko.
Frederic Cuvillier Frantziako Garraio ministroaren hitzetan, "erreskatea baldintzarik onenetan" egin da, eta "dramarik" gertatu ez dela goraipatu du. Horrela, "istripu txikia" izan dela nabarmendu du. Cuvillier istripuaren tokira arratsaldean joango da.
Frantziako Garraio ministroak azaldu duenez, hondoratzeak ez da kutsadura masiborik eragingo, eta oraingoz "oso mugatua da", gaineratu du.
Alerta mezua
Antza, Baionako kaiko dike baten aurka talka egin eta, ondorioz, bitan zatitu da. Ontziak ez zeraman kargarik, eta istripua izan aurretik Baionako portuari mezua bidali dio, matxura elektriko handia izan dutela ohartaraziz. Kaian sartzen saiatu den unean, haizeak ‘Luno’ portuko dikearen aurka eraman du eta, horrenbestez, bitan zatitu da.
Zenbat erregai isuri den jakiteko goiz dela azpimarratu du Lunel Delort ontziko kapitainak. Hala ere, fuel arina dela gogorarazi du kapitainak, eta "marea beltza" baten aurrean gaudenik baztertu du.

'Luno' ontziko marinelak erreskatearen ostean. Argazkia: EFE.
Ontzia Pasaiako kaitik atera zen atzo arratsaldean, Baionako norabidean. Pasaiako portuan egon zen urtarrilaren 9tik, Zamakona ontziolan ohiko azterketa bat egiten.
Garbiketa lanak
Frantziako Itsas Armadako aditu talde bat Brestetik Baionara joan da egoeraren azterketa egiteko.
Itsasbeherarekin ontziaren bi zatiekin zer egin erabakitzeko aukera izango dute adituek. Zati batek hondartzan hondoa jo du, eta bestea portuko morruaren harkaitzetan hondartu da.
Ontziaren bi zatiak atoian eramatea planteatzeko "oso goiz" da; izan ere, horretarako aseguru-etxeak eta armadoreak ados jarri behar dira, Itsas Prefekturako bozeramaileak azaldu duenez.
Denboraleak kalte handiak egin ditu azken egunetan Euskal Herriko kostaldean. Atzo, haizea eta euria Iparraldera iritsi ziren, eta Bretainian 150 kilometro orduko haize boladak izan dira.

'Luna' ontzia erdibituta. Argazkia: EFE
1994. urtean eraikia
Luno ontzia Murueta Ontziolak egin zuen 1994. urtean, eta Bizkaiko Naviera Murueta enpresarena da. Ontziak Espainiako bandera eta basea Tenerifeko portuan zuen.
Substantzia arriskutsuak eramateko egin zuten, Naviera Muruetak bere web orrian jakitera eman dutenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Bustitik eta epeletik igaroko da astea
Euri kontuak izango dira nagusi asteko egun guztietan, ostegunean kenduta. Hego haizea ibiliko da, eta horrek tenperatura maximoak igoaraziko ditu, batez ere asteartean eta asteazkenean. Termometroak 20 ºC-ra helduko dira isurialde atlantikoan, eta 15 ºC-ra, berriz, barnealdean.
121 kilometro orduko haize-boladak erregistratu dira Matxitxakon
Giro ezegonkorra eta olatu handiak, asteburuko protagonistak. Ipar Euskal Herrian alerta laranja ezarri dute euriagatik, eta abisu hori ugari daude itsasaldeko arriskuagatik, haizeagatik eta elurteengatik Pirinioetan.
Haizea eta euria, asteburuko protagonistak
Abisua larunbatera arte egongo da indarrean; orduan, itsasgorarekin batera, baliteke bost metroko olatuak altxatzea.
Abisu horia ezarri dute EAEko kostaldean, bost metrorainoko olatuak altxatu eta 100 km/h-ko haize-ufadak egingo dituelako
Abisua ostegun gauetik larunbatera arte egongo da indarrean; orduan, itsasgorarekin batera, baliteke bost metroko olatuak altxatzea.
Joseph ekaitzak Ingriden lekua hartu du eta 156 km/h-ko haize boladak izan dira
Abisu horian izan gara gauean eta oso bolada gogorrak eta euriteak izan dira goizaldean. Gipuzkoa da abisutik kanpo geratu den lurralde bakarra.
Albiste izango dira: Ingrid ekaitzak baretzera egin du, Sanchez eta Pradalesen arteko biharko bilera eta tentsioa gora, Minneapolisen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
"Ingrid" ekaitzak indarra galdu du, baina 5,7 metrorainoko olatuak eta 146 km/h-ko haize-boladak utzi ditu
Ingrid ekaitzak indarra galdu du, itsaso zakarrra eta haize-bolada gogorrak utzi ostean. 06:00etan abisu eta alerta guztiak bertan behera geratu dira, baina gauean haizeak gogor jo du.
Gogotik astindu du Ingrid ekaitzak euskal kostaldea: 145 km/h-ko ufadak neurtu dira Matxitxakon (Bermeo)
Gauerdian amaituko da haizegatik alerta laranja eta abisu horia izango da astelehenean. Itsasaldeko arriskuagatik ezarritako alerta laranja, berriz, asteleheneko 06:00ak arte egongo da indarrean.
Ingrid ekaitzak euria, elurra eta haize-bolada indartsuak utzi ditu Estatuan
Lanzaroten, larrialdi zerbitzuek hiru gazte estatubatuar erreskatatu dituzte, eta laugarren baten bila ari dira uretan, itsasora erori ostean.
120 km/h-tik gorako ufadak egon daitezkeela eta, alerta laranja iganderako Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan
Nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik ere alerta laranja indarrean izango da. Zarautzen ez da Sagardo Egunik izango eta Donostian parkeak itxi dituzte. Getxon, krisi mahaia bilduko da igande honetan.