Arratsaldearekin batera etorri da iragarritako aldaketa, eta atseden eman du beroak
Gau tropikala izan da bart, kostan zein barnealdean. 25 eta 29 ºC arteko tenperaturak egon dira goizaldean, eta antzeko giroarekin argitu du egunak. Igande arratsaldean etorri da aldaketa, eta aste hasieran nabarmen freskatuko du.
Goiz gorritsua Laudion. Argazkia: Iñaki Arteta.
Iragarrita zegoen gisan, eguerdiaren eta arratsaldeko lehen orduen bitartean, haizeak norabidea aldatu du, eta larunbateko eta igande goizeko hego-haize erreak tokia utzi dio ipar-mendebaldekoari. Kostan, 3-4 ºC freskatu ditu kolpetik. Orduek aurrera egin ahala, barnealdera iritsiko da aldaketa.
Arratsaldean, hodei trinkoagoak sartzen hasi dira, eta tantaren bat utz dezakete azken orduetan.
Freskatzera egingo duen arren, uda-sasoiko tenperaturak izango dira oraindik; hori bai, zerikusirik ez larunbateko bero saparekin.
Atzo, termometroek ia 40 ºC erregistratu zituzten egunez, eta gauean tenperaturak ez dira 27 ºC-tik jaitsi toki batzuetan.
Hala, 03:30ean, 29,3 ºC izan dituzte Donostian (Santa Klara), 28,3 Getxon (Galea), 27,7 Lasarte-Orian, 27,4 Zarautzen, 26,8 Bilbon (Zorrotza), 26,5 Zornotzan, 26,1 Iurretan, 25 Arrasaten, eta 22,1 Gasteizen (Abetxuku).
Egunsentian ere, antzeko giroa izan da: Bilbon eta Sestaon 27 ºC, Lasarte-Orian eta Zarautzen 26, Igorren 24, Arrasaten 23, Otxandion eta Gasteizen 20, eta Agurainen 19.
Astelehenean, giro motela, hezea eta freskoa izango dugu, bereziki ipar partean. Isurialde atlantikoan, hodeiak nagusituko dira, eta zaparradak botako ditu. Hegoaldean, berriz, hodeiak ez dira hain trinkoak izango, eta euria egiteko probabilitatea txikiagoa izango da. Haizea iparraldetik sartuko da. Tenperatura maximoei dagokienez, nabarmen jaitsiko dira; toki askotan ez dituzte 20 ºC baino gehiago harrapatuko.
Asteartea motel antzean hasiko dugu, bereziki isurialde atlantikoan. Egunak aurrera egin ahala, hodei geruza saretu egingo da, eta ostarteak zabalduko dira tarteka. Baliteke tantaren bat egitea, batez ere isurialde atlantikoan. Haizea ipar-mendebaldetik sartuko da, eta tenperaturan ez dugu aldaketa handirik espero behar: maximoak 20 ºC ingurukoak izango dira.
Asteazkenean eta ostegunean, tenperaturak gora egingo du, eta atertzera joko du.
Zure interesekoa izan daiteke
Eguzkia eta udaberriko giroa neguaren azken txanpan
Astearte honetan eta datozen egunetan tenperatura nahikotxo igoko da, hego haizeak lagunduta. Giro eguzkitsua espero da, hodei gutxi eta 25º inguruko tenperaturak kantauri isurialdean. Astebururako aldaketa dator, eta euri pixka bat egin lezake.
Udaberri giro beteko egunak
Ostarteak eta 20 gradutik gorako tenperaturak izango ditugu udaberriari hasiera emango dion astean. Astelehenen goiza, ostera, petral samarra izango da.
Elurra Euskal Herrira itzuli da udaberriaren atarian
Astebete baino ez da geratzen negua bukatzeko, baina oraindik ere hotza, euria eta toki garaienetan elurra egin du gaur. Iganderako ere, giro petrala espero da.
Eguraldi aldaketa arratsaldean: euria eta hotza datoz astebururako
Goiza argitsua eta epela izango da, baina aldaketa dator arratsalderako: ipar-mendebaldeko haizea sartuko da, eta euria, tenperaturen jaitsiera eta neguko giroa ekarriko ditu astebururako.
Euri-aurreko azken izpien ondoren, negu-girokoa dator asteburua
Gaur eta bihar goizean eguraldi argitsua izango bada ere, ostiral arratsaldearekin batera euri-kontuak iritsiko dira eta larunbatean gailurrak zuritu ere egin litezke.
Ostarteak eta euria, astearen hasieran
Arratsaldetik aurrera hodeiak ugarituko dira eta euria egingo du. Asteartean, orduek aurrera egin ahala, hodeiak gutxitu eta ostarteak irekiko dira, eta arratsaldean zaparradak botatzeko arriskua txikiagoa izango da.
Aldakor eta nahasi dator astea
Astelehenetik asteazkenera euria egingo du tarteka. Ostegun eta ostiralean, berriz, eguzkia eta tenperatura goxoak izango dira nagusi. Asteburuan okertzera egingo du berriro, negu giroa itzuliko baita.
Abisu horia Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorrengatik
Abisua egun osoan izango da indarrean, 60 litro/m2 baino gehiago pila daitezkeelako. Zerua lainotuta egongo da eta euria izango da protagonista; zaparradak ugariak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea ibiliko da, bizi-bizi zenbait momentutan.
Euria bueltan da eta tenperaturek behera egingo dute
Giro nahasi eta ezegonkorra gutxienez asteburura arte mantenduko da.
Eguzkia nagusi asteazkenera arte; ostegunean, euria eta tenperaturek behera
Tenperaturak sasoi honetarako batezbestekoaren gainetik izango dira; kostaldean maximoak 20 ºC-ra irits daitezke.