Haizeak gogor jotzen jarraituko du gaur, eta itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia ere bai
Haize zakarra eta olatu handiak izango ditugu gaur ere. Marea biziek atzo Bilboko itsasadarrak gainezka egitea eragin zuten, eta Loiuko aireportuan lurreratzekoak ziren hainbat hegazkin beste aireportuetara bideratu behar izan ostean. Segurtasun Sailak itsaso zakarragatiko abisuari eutsiko dio gaur arratsaldeko itsasgoran.
Haizea, Donostian. Argazkia: EFE
Haizeak protagonista izaten jarraituko du gaur ere. Goizaldeko boladarik gogorrenak baretu dira, baina egunean zehar gogor jotzen jarraituko dute, batez ere Kantauri isurialdean. Segurtasun Sailak abisu horia indarrean mantendu du itsasaldeko arriskuagatik. Bereziki zuhur ibiltzea eskatzen dute arratsaldeko itsasgoran, olatuek bi metro eta erdiko altuera izan baitezakete.
Iragarpenaren arabera, unerik arriskutsuenak arratsaldeko laurak eta seiak bitartean izango dira, itsasgorarekin batera. Bihar, ostirala, antzeko baldintzak izango dira goizaldean, eta abisupean jarraituko dugu.
Gauean denboraleak jarraituko du. Bilbon, marea biziek itsasadarraren gainezka egitea eragin dute Zorrotzaurren, baina ez du aparteko kalterik eragin. Haize-boladek 140 km/h-ko abiadura gainditu dute Bizkaiko haizeguneetan, Urduñan, kasu. Nafarroan, zamarik ez zekarren kamioi bat irauli da, Tebasen, haizearen ondorioz, eta zauritu bat utzi du.
Sei hezkinek ezin izan dute lur hartu Loiun, eta bideratu behar izan dituzte gauean, bolada gogorren ondorioz.
Egunean zehar, haizea pixkanaka baretuko dela espero da, baina gogor joko du, eta prezipitazioek ostarte batzuk zabalduko dituzte. Hala eta guztiz ere, Segurtasun Sailak abisuak ezarrita izango ditu datozen orduetan, kostaldean, olatuen inpaktuagatik, eta, barnealdean, baso-suteak izateko arriskuagatik.