Giro epela eta argia astea amaitzeko eta datorrena hasteko
Tenperaturak 20 ºC-raino iritsiko dira isurialde atlantikoan, eta ildo beretik hasiko da astea.
Abendu betean egon arren, eguraldi epela izango da datozen ordu eta egunetan, eta ez da euririk espero asteazkenera arte.
Gaur, giro argiagoa eta epela izango da. Zerua hodeituta egongo da, baina batez ere goi-hodeiak izango dira. Goizean, lainoa sortuko da barnealdeko haranetan. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, mendi inguruetan bereziki indartsu. Tenperatura maximoak 20 ºC-ra hurbilduko dira isurialde atlantikoan, eta 15 ºC-ren bueltan ibiliko dira gainerakoan.
Astelehenean, giro lehor eta epelarekin jarraituko dugu. Tenperatura minimoak apur bat jaitsiko dira, baina ez da izotzik egitea espero; maximoak, berriz, igandeko tenperaturen antzekoak izango dira. Hodei gutxi agertuko dira zeruan, baina goizean goiz lainoa sortuko da berriro, eta Ebroko ibarrean luze iraun dezake. Egunaren amaieran, hego-haizea indartu egingo da.
Asteartearen amaieran, fronte bat iritsiko da, hodeiak ugarituko dira eta baliteke mendebaldean euri pixka bat egitea. Egitekotan, egunaren amaieran egingo du, ordura arte giro lehorra eta argia izango baita. Goizean goiz, lainoa sor daiteke barnealdeko haranetan. Hegoaldeko haizea indartsu ibiliko da, bolada oso gogorrekin; egunaren amaieran, baina, frontea iristearekin batera, indarra galduko du. Tenperaturak ildo beretik jarraituko du, eta apur bat igo liteke leku batzuetan.
Asteazkenean, aldaketa nabarmena. Tenperaturan beherakada nabarmena izango da, eta euria egingo du. Datorren asteburuari begira, berriz, eguraldi egonkorra eta tenperatura igoera iragarri dute, oraingoz.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere