Giro epel eta argiarekin jarraituko dugu astearen hasieran
Asteburuko giro epelak jarraipena izango du aste honen hasieran, baina asteazkenarekin batera joan egingo da, euria eta tenperatura jaitsiera nabarmena iritsiko baita.
Astelehenean giro lehorrarekin eta epelarekin jarraituko dugu. Tenperatura minimoak apur bat jaitsiko dira, baina ez da izotzik egitea espero. Maximoak, berriz, igandekoen antzekoak izango dira. Zeruan hodei gutxi agertuko da, baina goizean goiz lainoa sortuko da berriro barnealdeko txokoetan. Egunaren amaieran hego-haizea indartzen joango da.
Asteartean, oro har, giroa lasaia izango da eta ordurik gehienetan ateri eutsiko dio. Ordu gehienetan hodeiak eta ostarteak ikusiko ditugu. Egunaren azken orduetan mendebaldetik fronte bat gerturatuko da, hodeiak ugaritu egingo dira eta bertan euri apur bat egingo du. Hegoaldeko haizea harro ibiliko da, bolada oso gogorrekin haizeguneetan, eta frontea sartzearekin batera indarra galduko du. Tenperaturan ez dugu gorabehera handirik sumatuko, eta zenbait tokitan apur bat igo daiteke.
Asteazkenean giro motela eta euritsua izango dugu. Zerua estalita egongo da egun osoan. Ia etengabe bustiko du, hala ere, oro har, euri txikia izango da eta egunaren bukaeran atertzera egingo du. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira eta 15 ºC-tik behera geratuko dira. Minimoak, aldiz, zertxobait igoko dira. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da eta kostaldean mendebal-osagaikoa nagusituko da.
Ostegunean bueltan da giro epela eta aria, eta joera horri eutsiko dio ostiralera arte. Larunbaterako, berriz, euria eta tenperatura jaistea aurreikusten dute.
Abisu horiak
Gaur eta bihar abisu horiak egongo dira zenbait orduz. Gaur 18:00etatik 20:00etara itsasaldeko arriskuagatik, 2 metrora arteko olatuak egongo baitira. Bihar, berriz, abisu horixe 06:00etatik 08:00etara egongo da indarrean, eta 2,5 metrora arteko olatuak altxatuko dira.
Asteartean, gainera, abisu horia jarriko dute haize bolada gogorrengatik Bizkaian, 03:00etatik 12:00etara. 100 km/h abiadura hartuko dute ufadek kostan, eta 80 km/h barnealdean.
Zure interesekoa izan daiteke
Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin
Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera