Fronte hotz batek hodeiak eta euria ekarriko ditu
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du ostiralean eta larunbatean 3,5 metroko olatuak espero direla eta.
Fronte hotz bat tarteko, eguraldiak estaltzera, hoztera eta euritara egingo du.
Euskalmet meteorologia agentziaren eguraldi iragarpenaren arabera, gaur zerua estalita egongo da eta euria egingo du lurralde osoan, hala ere, sarriago egingo du ipar partean. Haizeak hegoaldetik joko du egunaren hasieran, baina goizean zehar ipar-mendebaldera egingo du. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, batez ere Kantauri isurialdean.
Itsasoan 3,5 metro inguruko olatuak altxatuko dira, eta hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta goizean ipar-mendebaldera egingo du.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak nabigazioari dagokion abisu horia ezarriko du 3,5 metroko olatuak espero direla eta.
Gainera, 16:00etatik 17:00etara, olatuek kostaldean izan dezaken inpaktuagatik abisu horia aktibatuko da.
Larunbatean eguraldiak hobera egingo du. Goizaldean oraindik euria egingo du ipar partean, baina goizean atertzera egingo du. Gainerako orduetan, zerua hodeitsu egongo da, eta arratsaldean eta gauean ugaritu egingo dira. Hegoaldeko haizea ibiliko da eta gauean zakartu egingo da. Tenperatura maximoek gora egingo dute, bereziki ipar partean.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du nabigaziorako, gauerditik 09:00etara, 3,5 metro inguruko olatuak espero dira eta. Horrez gain, kostaldean ere abisu horia aktibatuko da, 03:00etatik 06:00etara.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere