IRAGARPENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Astelehenetik asteazkenera, eguzkitsu eta epel joango da astea, eta ostegunetik aurrera, euritsu eta fresko

Udaberri giroa nagusituko da martxoko lehen egunetan, eta termometroa 16-20 ºC-ra helduko da. Aste bukaera hurbildu ahala, ezegonkortzera egingo du aroak, eta hala jarraituko du egun batzuetan, joeraren arabera.

Egunsentia Artzamenditik (Itsasu, Lapurdi)

Egunsenti ederra, Artzamenditik (Itsasu, Lapurdi). Argazkia: Dominique Reis

Eguraldiari dagokionez, asteak bi zati izango ditu. Lehen hiru egunetan, giro epela eta argia izango da protagonista, baina giro ezegonkor eta freskoa nagusituko da ostegunetik aurrera, betiere EITBren Meteorologia Zerbitzuak eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera. 

Astelehenak bezperakoaren ildotik jarraituko du. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, gogor haizeguneetan, bereziki ekialdean eta egunaren lehen eta azken zatian. Ondorioz, tenperatura maximoak apur bat igoko dira, eta 20 ºC-ak harrapatuko dituzte kostaldean, 16-18 ºC, barnealdean. Zerua ez da guztiz garbi egongo, eta erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko dira. Dena dela, giro argia nagusituko da. 

Aldaketarik ez da espero asteartean. Hodei bakan batzuek orbanduko dute zeru urdina berriro, batez ere goizean. Hego hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta gogor joko du ekialdean goizean; arratsaldean, indarra galduko du, eta eki ipar-ekialdeko haizea ibiliko da kostaldean. Tenperaturan ez da gorabeherarik izango, eta epel antzera joango da eguna. Asteartean zein asteazkenean hauts-gandua egongo da, adituen arabera.

Asteazkenean ildo beretik jarraituko du aroak, eta hego-ekialdeko haizeak bazterrak epelduko ditu beste behin. Zeruan hodei gutxi egongo dira, eta erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituz joango dira arratsaldean.

Ostegunak aurrera egin ahala, hodeitza handituz joango da, eta eguna amaitzerako, erabat estalita geratuko dira zeru-gainak eta euritara joko du. Hego-osagaiko haizea mendebal ipar-mendebaldera aldatuko da, eta termometroek behera egingo dute. 

Ostiralean, giro makurra. Zaparrada txiki-ertainak espero dira, eta elur-kota 1.000-1.200 metroan kokatuko da. Tenperaturek, minimoek zein maximoek, behera egingo dute nabarmen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X