IRAGARPENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Giro argia eta egonkorra izango dugu asteon, astelehenean salbu

Tenperatura minimoak freskoak izango dira kostaldean, 7-9 ºC ingurukoak, eta hotz egingo du barrualdean. Maximoei dagokienez, egunek aurrera egin ahala, epelera egingo dute, 20 ºC-tik gorakoak nagusitzeko.

Oro har, giro argia nagusituko da asteon. Argazkia: Victor Uriarte

Opor egun batzuetatik bueltan, lanera itzultzeko astea izango dute herritar askok eta askok. Bada, opor osteko ajeari aurre egiteko, itxurazko eguraldia izango dute, EITBko meteorologia zerbitzuak egin duen iragarpenaren arabera. Astelehena izango da salbuespena, giro ezegonkorra eta neguko tenperaturak izango baitira. 

Astelehena, esan bezala, goibela izango da isurialde atlantikoan. Tarteka ostarteren bat zabalduko den arren, zaparradak botako ditu, eta ez da baztertzen ekaitzak jotzea. Araba hegoaldean eta Nafarroan, ordea, ez da euri konturik espero. Elur maila nahiko baxu egongo da sasoi honetarako, 1.000 metroan, eta 1.500 metrora igoko da arratsalderako. Tenperaturari dagokionez, bezperakoen antzekoak izango dira. Minimoak 6-7 ºC-koak izango dira Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 3-4 ºC-koak, berriz, Gasteizen eta Iruñean. Epelenak 13-14 ºC-ren bueltan ibiliko dira.

Asteartean, egonkortzera egingo du aroak. Behe lainoa sortuko da ohiko lekuetan, baina behin altxatuta, ostarte zabalak izango dira zeruan. Goizaldean eta goizean goiz, hotz egingo du. Tenperatura minimoak 5 ºC baino baxuagoak izan daitezke barnealdean, eta izotza egin dezake. Tenperatura maximoak, berriz, igo egingo dira, eta 15-20 ºC ingurukoak izango dira.

Asteazkena bezperaren tankerakoa izango da, dotoreagoa akaso. Hego ukituko haizea ibiliko denez, tenperaturek gora egingo dute, eta termometroek 18-19 ºC-ko langa gaindituko dute kostaldean, eta hortik gora barnealdean. 

Joerak ez du aldaketa nabarmenik aurreikusten ostegunerako, eta giro argi eta atseginaz gozatu ahalko dugu. Tenperatura maximoek gorako bidea hartuko dute, eta 20-22 ºC-koak izango dira. Egotekotan, ostiral arratsalderako iragarri dute aldaketaren bat: hodeitza ugaritzen joango da, eta euririk espero ez bada ere, giro grisagoa aurreikusi dute meteorologoek.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X