El Niño inoiz baino indartsuago al dator? Zientzialariak Ozeano Bareari adi daude
NBEren arabera, uda honetan eratzeko % 80ko probabilitatea dago, eta % 90ekoa urte amaierara arte. Ozeanoetako tenperatura errekorra da, goia jo du eta.
El Niñori buruzko mapa.
Zientzialariak Ozeano Bareari adi daude, zer bilakaera izango duen, azken asteetan atzemandako berotze-seinaleek El Niño fenomenoa indartsu garatzeko aukera mahai gainean jarri baitute. Horrek muturreko fenomeno meteorologikoen arriskua handitu dezake hainbat eskualdetan.
Fenomeno horrek garrantzi berezia hartu du, testuinguru ezohiko batean gertatzen ari delako: munduko ozeanoek inoiz baino tenperatura altuagoa dute, eta Lurra etengabe berotzen dabil.
Zehazki, Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi du El Niño eratzeko probabilitatea handia dela datozen hilabeteetan (10 agertokitik, 8tan).
Hala ere, adituek azpimarratzen dute ez dagoela jakiterik fenomenoaren bilakaera nolakoa izango den, eta intentsitatearen inguruko aurreikuspenak zuhurtziaz hartu behar direla.
Ozeano Bareko seinaleak
Sateliteek, buiek eta itsas sentsoreek ur masa zabal eta ohi baino beroagoa atzeman dute Ekuatoreko Ozeano Barean, ehunka metroko sakoneran.
Metatutako bero horrek energia-erreserba gisa dihardu. Hurrengo hilabeteetan azalera igotzen bada eta bertan mantentzen bada, ozeanoa are gehiago berotu eta El Niño indartsuago etortzea eragin dezake.
Zientzialariak erne eta adi begiratzen diete dituzte seinale horiei, antzeko egoerak azken hamarkadetako El Niño handienetako batzuen aurrekari izan baitira.
Nola aldatzen du Lurreko klima?
El Niño Hegoaldeko Oszilazioa izeneko fenomeno naturalaren parte da. Ekuatoreko Ozeano Barean fase beroak eta hotzak txandakatzen dituen klima-aldakortasuna da, eta eskala globalean eragin dezake klimaren bilakaeran.
Ohikoan, ekialdeko haizeek ur beroa ozeanoaren mendebalderantz bultzatzen dute. Haize horiek ahultzen direnean, ur epelak ekialderantz mugitzen dira, eta horrek atmosferaren zirkulazioa eta prezipitazioen nahiz tenperaturen banaketa aldatzen ditu munduko hainbat eskualdetan.
Sistemak ez du isolaturik funtzionatzen. Ozeanoa eta atmosfera etengabean daude hartu-emanetan. Maialen Martija Euskalmeteko meteorologoak azaldu duenez, “ozeanoan gertatzen denak atmosferan eragiten du, eta atmosferan gertatzen denak, ozeanoan”. El Niño fenomenoak telekonexioen bidez Ozeano Baretik urrun dauden eremuetan ere eragina izan dezake.
Horren ondorioz, zenbait eskualdetan lehorteak izan daitezke, eta beste batzuetan, euri-jasa eta uholdeak. Hego Amerika, Australia, Asiako hego-ekialdea eta Afrikako zenbait eremu dira, oro har, arrisku handieneko batzuk.
El Niño "super" ote dator?
Eredu batzuen arabera, % 25 inguruko aukera dago Ekuatoreko Ozeano Bareko tenperaturak datorren neguan ohi baino bi gradu igotzeko. Atalase hori sarritan erabiltzen da bereziki indartsuak diren El Niño fenomenoak identifikatzeko.
Hala ere, horrek ez du esan nahi eraginak proportzionalak edo berdinak izango direnik eskualde guztietan. Fenomenoaren bilakaera oraindik amaitu barik dauden faktore atmosferiko eta ozeaniko askoren mende dago.
Fenomeno naturala planeta beroago batean
El Niño Lurraren klima-sistemaren parte da, eta milaka urtez egon da aktibo. Normalean, hiru eta zazpi urte arteko zikloetan agertzen da, eta ez da klima-aldaketaren ondorio zuzena.
Martijak ohartarazi du tenperatura-errekorrak El Niñori bakarrik egoztea sinpleegia dela. Fenomenoak jada aldatuta dagoen oinarri klimatiko batean jarduten du, eta horrek muturreko egoerak indartu ditzake, kausa nagusia izan gabe.
Energia gehigarri horrek itsas ekosistemetan ere eragina du, eta planetako zenbait eskualdetan koralen zuritze masiboaren arriskua handitzen du.
Eragin globalak, ziurgabetasunaren artean
El Niñoren gertaera bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina urteetako esperientziak patroi errepikakor batzuk identifikatzeko aukera ematen du.
Fenomenoa askotan lotzen da prezipitazioen aldaketekin, bero-bolada luzeagoekin, lehorteekin, uholdeekin eta baso-suteekin munduko hainbat eskualdetan. Ondorio horiek zuzenean eragin dezakete nekazaritzan, arrantzan eta ur-baliabideen kudeaketan.
Oraingoz, zalantza nagusia ez da El Niño garatuko den ala ez, baizik eta zer intentsitate hartuko duen eta nola bat egingo duen gaur egungo egoera klimatikoarekin, erregistro modernoak daudenetik beroenetakoa den testuinguru batean.
Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa ere berotzen ari dira
Buia ozeanografiko desberdinek egindako behaketek errealitate bera islatzen dute: Atlantikoa eta Mediterraneoa beroa azkar pilatzen ari dira.
Kantauri itsasoan azaleko tenperatura oso altuak erregistratu dira urte sasoi honetarako. Aste gutxi batzuetan, zenbait puntu 15 edo 16 gradu inguruko balioetatik 20 gradu ingurura igaro dira, eta ohiko erregistroen gainetik jarri dira argi eta garbi.
Mendebaldeko Mediterraneoan ere ikus daiteke joera hori. Balear Uharteetan 26,5 gradu inguruko tenperaturak neurtu dira; balio horiek udako bihotzekoak dira, udako denboraldiko lehen asteetakoak baino gehiago.
Nolakoa izango da uda Iberiar Penintsulan?
AEMETek gogorarazten du El Niño fenomenoaren eragina askoz ere nabarmenagoa dela Ameriketan, Australian eta Ozeano Bare tropikalean. Iberiar Penintsulan, berriz, eguraldia batez ere gertuko sistema atmosferikoek baldintzatzen dute, hala nola Azoreetako antizikloiak eta Atlantikoko zirkulazioek.
Eskura dauden ikerketek ez dute lotura argi eta egonkorrik aurkitu El Niño eta Penintsulako udako tenperaturen artean. Zenbait kasutan, ordea, negu zertxobait hezeagoak antzeman dira, baina ez da patroi errepikakor bat finkatu.
Testuinguru horretan, Martijak gogorarazten du eragin horiek klima-aldakortasunaren barruko joera probabilistiko gisa ulertu behar direla, eta ez eguneroko eguraldia baldintzatzen duen eredu zehatz gisa.
Eta Euskal Herrian?
Iberiar Penintsulako iparraldean, azterlanek seinale batzuk iradokitzen dituzte, baina ahulak dira eta klima-aldakortasunaren menpe daude.
Maialen Martija Euskalmeteko meteorologoak azaldu duenez, El Niño gertaeretan Europako mendebaldean uda zertxobait hezeagoak ikusi izan dira, baina ez dago ondorio sendo eta errepikakor bat ateratzeko adinako ebidentziarik. Zenbait kasutan, tenperatura apur bat leunagoetarako joera ere antzeman da, baina ez da estatistikoki egonkorra.
Martijak azpimarratu du emaitza horiek klima-aldakortasun naturalaren barruko aldaketa txiki gisa ulertu behar direla: egoera jakin batzuen probabilitatean eragiten duten ñabardurak dira, ez eguneroko eguraldia edo joera klimatikoa errotik aldatzen duten faktoreak.
Zure interesekoa izan daiteke
Uztailak utzitako datuak: ohikoa baino 3,6 ºC beroagoa eta muturreko lehortea
Hilaren 5etik eta 12ra izandako bero-bolada izan zen markak hautsi zituena. 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren hainbat lekutan.
Astea freskotik hasiko da eta ekaitzak izan daitezke arratsaldean
Hodeiak ugarituz joango dira astelehenean, eta tenperaturak behera egingo du Euskal Herrian. Gainera, baliteke arratsaldean trumoi-zaparradak botatzea, batez ere ekialdean. Asteartean, eguraldi egonkorra eta beroa itzuliko dira.
Udako giroa protagonista igandean
Tenperaturek gorako bidea hartuko dute, eta 25 ºC-ren langa gaindituko dute kostaldean. Maximoak 30 graduren bueltan geratuko dira barnealdean, eta 35 ºC-tik gora lurraldearen hegoaldean. Hala, abisu horia ezarri dute Arabako Errioxan, Nafarroako erdialdean, Pirinioetan eta Erriberan.
Casedan jo dute goia termometroek, 42,1 graduraino iritsi baitira
40 ºC inguruko tenperaturak izan dira gaur toki askotan. Nafarroan eta Araban alerta laranja dago ezarrita, beroagatik.
Bero sapa izango dute berriro Nafarroan, eta alerta laranja aktibatuko dute erdialdean eta Pirinioetan
Tenperatura maximoak 40 ºC-ren bueltan ibiliko dira: Erriberan (abisu horia) 41 ºC inguru izan daitezke, eta 39 ºC Iruñean eta Lizarran. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute Nafarroako erdialdean eta Pirinioetan.
Alerta laranja Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta abisu horia, Euskal Herriko gainerako tokietan, beroagatik
Bihar, alerta laranja mantenduko da Araban; Bizkaian eta Gipuzkoan, abisu horia egongo da indarrean. Nafarroan, berriz, abisua mailaz igo eta alerta laranja bihurtuko da, tenperaturek gora egingo baitute (39 ºC-ra hurbilduko dira).
Beroaldia indartsu itzuliko da Euskal Herrira
Tenperaturak nabarmen igoko dira astearen hasieran, eta 35-40 ºC-ra iritsiko dira asteartean eskualde askotan.
Abisu horia gauerdira arte, euri zaparrada handiengatik
19:30ak arteko datuan kontuan izanda, ordu bakar batean metro koadroko 27 litro bildu dituzte Guardian, 24 Berastegin, 18 Bidanian eta 14 Etxalarren.
Eguzki eklipsea ikusteko Nafarroako segurtasun-dispositiboaren gakoak
Nafarroako Foru Gobernuak kanpaina bat jarri du abian herritarrei zuzendutako aholkuekin: nork bere burua babestea, suteen prebentzioa eta mugikortasuna eklipsearen aurretik eta ondoren.
Azken bero-egunak gaur eta bihar, larunbatean aldaketa baitator
Ostegunean eta ostiralean bero egingo du, batez ere, Euskal Herriko hegoaldean. Abisu horia ezarri da gaurko tenperatura altuengatik Araban, Ebro ondoko eskualdean 13:00etatik 19:00etara, eta Nafarroa erdialdean, Pirinio inguruan eta Erriberan, 13:00etatik 21:00etara.