Asteazkenean bero-sapa itzuliko da
Astelehen eta asteartea tenperatura freskoagoekin helduko dira asteon, eta asteazkenetik aurrera termometroak gora egingo du: 30ºC-tik gorakoak izango dira barnealdean.
Kontxako hondartza, igande honetan. Argazkia: EFE
Eguzkiarekin eta uda-beroarekin abiatuko dugu astea, baina asteburukoak baino tenperatura freskoagoekin. Atsedenak gutxi iraungo du: termometroek gora egingo dute berriro, eta asteazkenean 30ºC-en muga gaindituko dute barnealdean.
Astelehen honetan tenperatura maximoek behera egingo dute, baina udako giroarekin jarraituko dugu. Zerua apur bat lainotuko da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira eta baliteke trumoi-zaparradak botatzea, batez ere hegoaldean. Arratsaldetik aurrera behe-hodeiak sor daitezke kostaldean.
Asteartean giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu, baina tenperaturak zertxobait jaitsiko dira kostaldean (hegoaldeko muturrean, aldiz, apur bat gora egin dezake). Goizean goiz behe-hodeiak agertuko dira kostaldetik gertu, eta arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira barnealdean. Hala ere, trumoi-zaparradak botatzeko probabilitatea txikia izango da.
Asteazkenean aldaketa dator, batez ere barnealdean, maximoak 30ºC-tik gorakoak izango baitira. Kostaldean giro atseginagoa izango da, ipar eta ipar-ekialdeko haizeak joko baitu ia egun osoan, eta, beraz, maximoak, oro har, ez dira 25ºC-tik gorakoak izango. Arratsaldearen amaieran, hegoaldean, baliteke trumoi-zaparrada batzuk botatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin
Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera