Merkurioak goraka jarraitzen du, eta asteburuan muturreko tenperaturak espero dira
Maximoak 30 gradutik gorakoak izango dira Hego Euskal Herriko eremu zabaletan datozen egunetan, eta igandean 40 gradutik gorakoak izan daitezke. Euskalmetek bero handiko asteburua iragarri du, baina ekaitzak izateko arriskua ere badago, bereziki ostiralean.
Egun eguzkitsua, Donostian. Argazkia: EFE
Euskalmeten iragarpenen arabera, beroak ez du atsedenik emango datozen egunotan; are gehiago, igandean 40 gradutara hurbilduko dira termometroak hainbat lekutan, eta baliteke toki batzuetan langa hori gainditzea.
Urteko lehen beroaldiarekin emango zaio ongietorria udari, igandeko 10:24an.
Ostirala
Bero egiten jarraituko du ostiralean, eta ekaitzak izateko arriskua handiagoa izango da. Tenperatura maximoak apur bat jaitsiko diren arren, 30 gradutik gorakoak izango dira barnealdeko toki askotan. Kostaldean, ipar osagaiko haizea nagusitu, eta giro freskoagoa izango da.
Barnealdean, berriz, hego-ekialdeko haizea ibiliko da. Zerua hodeitsu egongo da egunaren zati handi batean, eta arratsaldetik aurrera trumoi zaparradak izan daitezke Euskal Herri osoan, eta txingorra ere bota dezake tokiren batean.
Larunbata
Larunbatean, uda giroak jarraituko du. Bero egingo du barnealdean, eta baliteke koska bat igotzea tenperatura maximoak. Eguzkia izango da nagusi, nahiz eta zerua ez egon erabat oskarbi.
Arratsaldean, ekaitz hodei batzuk garatuko dira, eta ez da guztiz baztertzen zaparradaren bat botatzea, baina aukera txikia izango da. Kostaldean, brisa ibiliko da. Barnealdean, hego ukituko haizea nagusituko da, eta ipar osagaira aldatuko da arratsaldean isurialde atlantikoan. Arabako Errioxan eta Nafarroako zati handi batean, berriz, hego-ekialdeko haizea izango da nagusi.
Igandea
Iganderako, beroaldia bueltatuko da. Tenperaturak nabarmen igoko dira, eta zenbait tokitan 40 gradura hurbildu eta muga hori gainditu ere egin dezakete.
Hala, urteko lehen beroaldiarekin emango zaio ongietorria udari, igandeko 10:24an. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta termometroak 35 ºC-tik gora igoko dira ia lurralde osoan. Arratsaldean, kostaldean, iparraldeko haizea sartuko da eta zerbait freskatuko du.
Abisu horiak, Araban eta Nafarroan
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere