AURREIKUSPENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euria eta euria asteburura arte

Gaur arratsaldean hasiko da ezegonkortasuna, eta zaparradak eta ekaitzak botako ditu. Asteazkenean eta ostegunean joera berarekin jarraituko du, eta tenperaturak nabarmen egingo du behera.

Euria Bilbon. Argazkia: Sabino de Bilbao Atxa

Egunotarako eguraldiak ezegonkortasunerantz egingo du, ostegunera arte euria nagusituko da eta tenperaturak behera egingo du.

Gaurko eguraldia atzokoa baino ezegonkorragoa izango da, batez ere arratsaldean eta gauean. Goizean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, eta ostarteak zabalak izango dira goizean eta eguerdi inguruan. Arratsaldean eta gauean hodeiak ugariagoak izango dira, eta litekeena da zaparrada txiki-ertainak botatzea, zenbait tokitan ekaitzak ere jo dezake. Hegoaldeko haizea ibiliko da goizean, eta iparraldekoa arratsaldean eta gauean. Tenperaturan aldaketa handirik ez.

Asteazkenean euria izango da protagonista nagusia. Zerua estalita egongo da eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Egunaren bigarren partean zaparradak sarriago egingo ditu, zenbait tokitan handiak izan daitezke, eta noizbehinka trumoi-ekaitzak joko du. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatu eta zakartu egingo da, bolada gogorrekin. Tenperatura asko jaitsiko da.

Ostegunean euriak jarraipena izango du, batez ere Kantauri isurialdean eta egunaren lehen partean. Arratsaldean eta gauean euria urriagoa izango da eta azken orduetan atertzera egingo du. Lurraldearen hegoaldean euri txikia egingo du goizean eta arratsaldean atertu eta ostarteak irekiko dira. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin goizean kostaldean eta Ebro ibarrean. Tenperatura apur bat jaitsiko da eta udazkeneko balioetan mugituko da.

Ostiraletik aurrera zerua argitzen hasiko da, eta astebururako, eguzkia nagusitzea eta tenperaturak gora egitea espero da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X