Sare sozialen jabeen aurka "borrokatzea" proposatu du Sanchezek: anonimotasuna kendu eta kontuak eskatu
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak sare sozialek demokraziari dakarkioten arriskuaz ohartarazi du, eta plataforma horien jabeen aurka "borrokatzea" proposatu du. "Teknomultimilioidun" gisa definitu ditu horiek, eta hainbat neurri proposatu ditu haiei aurre egiteko, hala nola arauak bete ezean kontuak eman behar izatea, eta plataformetan anonimotasunik ez izatea.
"Jakin badakit ez dela erraza izango, denok gaude apur bat beldurtuta, aurrean ditugun pertsonak oso boteretsuak direlako, diru- eta teknologia-baliabide ia mugagabeak dituztelako, aliatu oso arriskutsuak dituztelako eta ez direlako garbi jokatzen ari", azpimarratu du Davoseko (Suitza) Munduko Ekonomia Foroan.
Sanchezek dio enpresaburu horiek ez dituztela arau moralak betetzen, eta ez dietela arau horiek ez betetzearen ondorioei aurre egiten, baina ziur agertu da garaile aterako dela norgehiagoka horretatik: "Badakit borroka irabaz dezakegula, arrazoia dugulako, gehiago garelako eta aurrekoetan ere irabazi dugulako".
Gauzak horrela, Sanchezek "teknokasta" gisa definitu zuenaren aurkako diskurtsoarekin jarraitu du, aste honetan bertan inbestitu den Donald Trump presidente berriarekin bat egin duten Estatu Batuetako konpainia teknologiko handien jabeei erreferentzia eginez.
"Algoritmoetan ezkutatutako" sare sozialen ondorio negatiboez ohartarazi du Espainiako Gobernuko presidenteak; izan ere, deitoratu duenez, jendea ahaldundu beharrean, "gutxi batzuen esku" geratu dira, eta "eztabaida publikoa polarizatzen" ari dira.
Hala, ohartarazi du bilatzaileek bot izenekoak dituztela, eta horiek sare sozialetako profilen herena eta Interneteko trafikoaren erdia osatzen dutela, eta algoritmoek ikuspegi politiko batzuk ezkutatzen eta beste batzuk sustatzen dituztela.
Pribatutasunerako eskubidea, baina anonimotasunik gabe
Espainiako Estatuko gobernuburuak iragarri duenez, Europar Batasuneko hurrengo Kontseiluan Europako gainerako liderrei proposatuko die sare sozialetan anonimotasunarekin amaitzea, plataformak "algoritmoen kutxa beltza irekitzera" behartzea eta, azkenik, sareetako zuzendariek eta jabeek "kontuak eman behar izatea, plataforma horietarako ezarritako arauak bete ezean".
Bere ustez, anomalia bat da benetako identitate bati lotuta ez dauden profilak egotea ahalbidetzea, "ezin du horrela izaten jarraitu", demokrazia batean herritarrek pribatutasunerako eskubidea baitute, "baina anonimotasunik eta zigorgabetasunik ez dago".
"Plataforma horiek guztiek nahitaez lotu beharko lituzkete erabiltzaileen kontuak Europako identitate digital batekin. Horrela, herritarrek ezizen bat edo izen faltsu bat, erabili ahal izango lukete, hala nahi izanez gero, baina delitu bat egitekotan, agintariek kontu hori benetako nortasun batekin lotu ahal izango lukete, eta kontuak eskatu", azaldu du.
Algoritmoen gardentasuna
Algoritmoei dagokienez, Gardentasun Algoritmikorako Europako Zentroaren gaitasuna eta ahalmena indartzea proposatu du Sanchezek, sare sozialen funtzionamenduan "inolako mugarik gabe" sartu ahal izateko. Gai horrek Europar Batasuneko ikerketa-lehentasunetako bat izan behar duela esan du, aditu onenek gai horietan lan egin dezaten, "demokraziaren etsaiak egiten ari diren bezala".
Demokraziarekin amaitu nahi duten dirudunak
"Ez daude konforme botere ekonomiko ia osoa izatearekin, botere politikoa ere nahi dute, gure erakunde demokratikoak ahultzeko", kritikatu du. Hala ere, adierazi du aipatutako neurri horiek ez dutela ezertarako balioko sareen jabeek kontuak ematen ez badituzte, "munduko pertsona aberats eta boteretsuenetakoak direlako", azpimarratu du.
Horrela, jatetxe baten jabea erantzule den bezala bertan egindako janak bezeroak intoxikatzen baditu, Sanchezen ustez sare sozialen jabeek ere erantzule izan behar dute, euren algoritmoek "herritarrak pozoitu" egiten baitituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Adimen artifizialarekin egindako kartel gehienek antzeko itxura dute
Kartelgintza sektorean ere gero eta ohikoagoa da tresna hori erabiltzea, merkea eta erraza baita. Publizitate adituen arabera, ordea, adimen artifiziala erabiltzea kaltegarria izan daiteke markentzat.
Sonyk 2028a baino lehenagoko diskoen ekoizpena mantenduko du, baina fabrikazio-mugekin
Konpainiaren azalpenen arabera, garatzaileek lehendik editatutako bideojokoen disko fisikoak eskatzen jarraitu ahalko dute, lantegiek euren fabrikazio-gaitasuna asko murriztuko duten arren.
Eusko Jaurlaritzak ordenagailu kuantikoa enpresen eskura jarri du: "Ilara luzea daukagu"
Basque Quantum (BasQ) aliantzak gidatuta, sarbide protokolo bat zehaztu dute enpresa eta erakunde publikoen sarbidea errazteko.
Europako Justiziak Googleri ezarritako 4.125 milioi euroko isuna berretsi du
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezetsi egin du Googlek jarritako errekurtsoa, eta zigortu egin du konpainia Android sistema eragilearen bidez nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
PlayStationek bideojoko berrien disko fisikoak ekoizteari utziko dio 2028an
Enpresak kontsumo-joera berrietara egokitu nahi du, eta "baliabide digitalen aldeko joera disko fisikoena baino askoz handiagoa" dela adierazi du.
Gaspi argentinar youtuber ezaguna hil da, helikoptero istripu batean
Ibai Llanos bilbotarrak iaz antolatutako boxeo-ikuskizunaren izarretako bat izan zen Gaspi. Sei pertsona hil dira ezbeharrean.
Instagram eta Facebook mundu osoan erori dira
Akatsak 15:00ak aldera hasi dira plataforma horietan, eta erabiltzaileek ezin izan dute saioa hasi, mezuak bidali edota argitalpenak partekatu zein ikusi. Oraingoz ez dute argitu zerk eragin duen arazoa.
Adimen Artifiziala euskara indartzeko aukera ona da, baina nahitaezkoa da denon parte-hartzea
Adituen ustez, nahitaezkoa da denon parte-hartzea eta Adimen Artifiziala euskaraz erabiltzea, gero eta datu gehiago izan ditzan bere lana euskaraz ere ondo egiteko.
Neskek "bazterketa" jasaten dute bideojokoetan eta askok "nortasuna ezkutatzen dute", Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera
Ikerketaren arabera, mutilek borroka eta kirol arloko bideojokoak nahiago dituzte, eta neskek irudiari eta dantzari lotutako edukiak kontsumitzen dituzte gehiago.
Metak harpidetza-planak martxan jarri ditu Whatsapp, Instagram eta Facebook aplikazioetarako
Instagram Plus eta Facebook Plus bertsioek 3,5 euro inguruko kostua izango dute hilean, eta Whatsapp Plusek, 2,5 eurokoa.