Latxa 3: euskarazko testuak ulertzen eta sortzen dituen adimen artifizialaren azken bertsioa aurkeztu dute
Latxa EHUren HiTZ zentroak sortutako adimen artifizial irekia da, euskaraz hitz egiteko eta idazteko. Hirugarren bertsioa aurkeztu dute: Latxa 3k informazio eguneratua bilatzeko, itzultzeko eta irudiak ulertzeko gaitasun berriak dakartza. Arrazoitzeko nahiz programatzeko gaitasunak ere hobetu ditu.
Latxa 3k euskarazko adimen artifizialaren funtzionalitaterik aurreratuenak eskaintzen ditu, doan. Plataformak dagoeneko 4.000 erabiltzaile erregistratu baino gehiago ditu, eta hirugarren bertsioa merkaturatzearekin batera, datozen hilabeteetan kopuru hori biderkatzea espero dute.
Bertsio berri honekin, tresnaren gaitasunek jauzi kualitatiboa eman dute: oraingo Latxa indartsuagoa da, irudiak ulertzen ditu, 21 hizkuntzatara itzultzen du eta kanpoko iturriak kontsulta ditzake, erantzun eguneratuak eta fidagarriagoak emateko.
HiTZ zentroko kideek nabarmendu dutenez, adibidez, familientzako eskola-komunikazioak hainbat hizkuntzatan prestatzeko baliagarria da. Horretarako, aintzat izan dituzte hemen bizi diren migratzaileen hizkuntza nagusiak, besteak beste arabiera, errumaniera, urduera eta bengalera. "Horrela, euskara hizkuntza-komunitate desberdinen arteko eguneroko komunikazioaren abiapuntu eta helmuga bihur daiteke", adierazi dute.
Latxak EITBren laguntza izan du: Interneten argitaratzen ditugun albisteak zuzenean indexatzen ditu Latxak, gaurkotasunak garrantzia izan dezan adimen artifizialaren erantzunetan. Berria eta Tokikomekin ere elkarlanean aritu da HiTZ, eta horri esker, tokiko hedabideen edukiak ere Latxaren bilaketetan agertuko dira.
Latxa epe luzerako azpiegitura ireki eta publiko baten parte da. Helburua da euskarak adimen artifizialaren garapenean bere tokia izatea. Bai eredua, bai kodea lizentzia irekiarekin banatzen dira, eta doan erabil daitezke.
Herritarrek Latxa 3 erabili ahala eta haren erantzunak baloratu ahala, euskarazko adimen artifiziala elkarlanean hobetzen laguntzen arituko dira.
Ezagutu Latxa 3ren gaitasunak eta probatu zuk zeuk: https://latxa.hitz.eus.