Bilbo inoiz baino distiratsuago 'Matrix'en zuzendarien lan berrian
Bilboko itsasadarra, Guggenheim museoa eta Salveko zubia, denak ere lainopean. Irudi ikusgarri hau argi eta garbi ikus daiteke Wachoski anai-arreben film berrian: Jupiter ascending. Pelikularen aurreneko bi trailerrak Interneten zintzilikatu dituzte jada.
Zuzendari estatubatuarrak maiatzean izan ziren Bizkaiko hiriburuan filmatzen. Lau hilabeteren buruan ikusi ahal izan dugu hiru grabazio-egun horien emaitza, atzo eskegi baitzituzten trailerrak Youtuben.
Bideoek dirauten bi minutu eta erdian, Bilbo inoiz ez bezalako distirarekin ageri da 17. segundoan eta 01:37 minutuan. Lehenengoan, lainopean ikusten da Bizkaiko hiriburuko itsasadarra; bigarrenean, Zubizuri eta Guggenheim museoa ageri dira, borroka odoltsu baten ostean, hondakinen artean.
Dena dela, pelikula estreinatu arte, otsailera arte, itxaron beharko da Bilbon grabatutako irudi gehiago ikusteko.