World Press Photok gerrari, klima krisiari eta sufritzen ari direnen abandonuari begiratu die
World Press Photo (WPP) argazkilaritza sariek iragarri dute Evgeniy Maloletka ukrainar dokumentalista, argazkilari eta kazetariak Mariupol Ukraniako hirian, erietxe bateko amategiaren kontrako erasoaren ondoren, egindako argazkia dela urteko onena.
Irina Kalina 32 urteko emakumea garraiatzen ari dira irudian, erasoaren hondarren artean; umea hilik jaio zen, eta ama ere ordu erdi geroago hil zen.
Urteko erreportaje grafiko onena Mads Niessen danimarkar argazkilariaren bederatzi irudik osatzen dute. WPPk azaldu duenez, argazkilariak "uko egin dio Afganistango hiria ahazten uzteari, talibanen agintepean eta nazioarteko laguntzarik gabe dagoen honetan".
Irudietako batek Jalil Ahmad 15 urteko mutikoa erakusten du; gurasoek haren giltzurrun bat saldu zuten, 3.500 euroan, talibanen mendean herrialdean zabaldu den goseteari aurre egiteko.
Proiektu luze onenaren saria Anush Babajanyan armeniar argazkilariarentzat izan da, Asia erdialdean ezkutuan den gertakari bat azaleratzeko urte luzez egindako lanari esker: klimaren krisiak okertu egin du uraren kudeaketa Sobietar Batasuna osatu zuten herrietan.