Komiki bat sarituko du Durangoko Azokaren Sormen Bekak
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka DA! deialdia abiatu dute, zortzigarrenez. Aurtengo deialdian, komikiari begiratuko diote, aurrekoetan literaturari, musikari, ikus-entzunezkoei, bideo jokoei, arte eszenikoei, umeentzako animazioari eta arte plastikoei begiratu zieten bezala.
Gehienez ere bakarka bi lan argitaratu dituzten 18 urtetik gorako sortzaile edo sortzaile talde batek jasoko du 15.000 euroko dirulaguntza, eta 2026ko Durangoko Azokan aurkeztuko du emaitza.
2025eko irailaren 21ean, 18:00etan, itxiko da lanak aurkezteko epea, eta interesdunek izena emateko formularioa, curriculuma eta portfolioa, proiektuaren memoria eta komikiaren laginak (sinopsia eta argumentua, pertsonaia nagusien diseinua eta 6 orrialde) bidali beharko dituzate gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera.
Lan irabazlearen berri 60. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da, eta 61.ean erakutsiko da emaitza, 2026an.
Lehenago, aurtengo Durangoko Azokan, 2024ko Sormen Beka DA! deialdiaren irabazlea ikusi ahalko da: Harien Isla izeneko esku-hartzea, Abadiñoko Irati Bazetaren eskutik.