Brian Wilson zendu da, The Beach Boys taldearen sortzaileetako bat
Iazko otsailean jakin zen Wilsonek, Melinda emaztea galdu berri zuenak, "desordena neurokognitibo larriak" zituela, eta, ondorioz, senideek izendatutako bi medikuren zaintzapean jarri behar izan zutela.
Brian Wilson, Bartzelonako Primavera Sound jaialdian. Argazkia: EFE
Brian Wilson, "Kaliforniako ametsa" birdefinitu zuen The Beach Boys taldearen sortzaileetako bat, 82 urte zituela hil da, bere familiak musikariaren Instagrameko kontuaren bidez jakinarazi duenez.
"Lur jota gaude gure aita Brian Wilson maitea hil dela iragarri behar dugulako. Hitzak falta zaizkigu une honetan. Mesedez, errespetatu gure intimitatea familia doluan dagoen une honetan", idatzi dute, heriotzaren arrazoiari buruzko xehetasunik eman gabe.
"Konturatzen gara gure atsekabea munduarekin partekatzen ari garela. Bakea eta maitasuna" erantsi dute musikariaren zazpi seme-alabek mezuan.
Iazko otsailean jakin zen Wilsonek, Melinda emaztea galdu berri zuenak, "desordena neurokognitibo larriak" zituela, eta, ondorioz, senideek izendatutako bi medikuren zaintzapean jarri behar izan zutela.
Familiak onartu zuen Wilson ez zela gai bere kabuz moldatzeko, "elikatzeko, janzteko eta etxea eramateko", bere abokatuek orduan azaldu zutenez.
Dena dela, Wilsonen osasun arazoak 90eko hamarkadakoak ziren, ospearen gailurrean zegoenean droga kontsumo garai luzeek eraginak, eta Eugene Landy psikologo polemikoarekin izandako harremanagatik areagotuak. Psikologo hori bere bizitza kontrolatzen saiatzen zen familiak berarekin harreman oro debekatu zion arte, baina hori ez zen gertatu 2006ra arte.