Zuloaren silueta hitzez marrazten
Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez idazleek “Silueta” eta “Dena zulo bera zen” liburuak aurkeztu dituzte Durangoko Azokaren hirugarren egunean, hutsuneak mamitzeko bi ariketa literario zeharo ezberdin.
Literaturak barneko zein kanpoko zuloak identifikatu eta zedarritzeko balio du, berorien inguruko silueta marraztu eta, ezagutu eta geureganatzen ditugunez gero, berorien barrura jauzi egin edo betetzen saiatzeko; mugitzeko eta mugiarazteko balio du.
Hain zuzen ere, Durangoko Azokaren hirugarren jardunaldi honetan Ahotsenea Literatura gunean elkarren segidan aurkeztu dituzten bi liburuk, Silueta Harkaitz Canoren lanak eta Dena zulo bera zen Eider Rodriguezenak (Susa etxeak argitaratuak, bi-biak), hutsunea dute iturburu eta, bide batez, berorien arteko lotune ia bakar.
Silueta inoiz idatzi ez den liburu bati (hots, zulo bati) idatzitako 31 literatura kritika asmatuk mamitzen dute, eta Eider Rodriguezen sei kontakizuneko bilduma, berriz, gaur eta hemen bizitza esaten diogun normaltasun simulatuak estaltzera behartzen gaituen zulo intimo baina partekatuek.
Gaurko aurkezpenean Beñat Sarasola idazlearen galderei erantzuten azaldu duenez, Canori duela hamabost urte otu zitzaion ideia: existitzen ez den eta inoiz existitu ez den liburu baten kritikak jasoko zituen, liburu batean -bazegoen aurrekaririk, Stanislaw Lemen Vacío perfecto (hutsunean ostera ere), berbarako-, baina ideia jenialaren mailari eusten lagunduko zion euskarri tematikoa behar zuen. Bahiketaren gaia etorri zitzaion burura orduan. “Ez dakit zergatik ez dagoen liburu gehiago bahiketei buruz, oro har eta gurean, hain gertutik zeharkatu bagaitu ere”, adierazi du.
Euskarri horien gainean idatzi ditu, beraz, inoiz zirriborratu ere egin ez zuen eleberri baten inguruko 31 kritikak Canok, Lauaxetaren Bide barrijakek jaso zituen bezainbat, atseginez idatzi duen “nobela tranpa” bat osatzeko (“Ongi pasatu dut idazten”, azaldu du) eta berorretan “literaturari buruzko ideien katalogo bat” zabaltzeko.
Dena zulo bera zen
Literaturaren katalogo horretan formatu menosturik bada, ipuinena da (baita antzerkiarena eta poesiarena ere, nobela ahalguztidunaren itzalean), baina Eider Rodriguezek ipuingile etiketa aldarrikatu du, gaurko aurkezpen ekitaldian, bere buruarentzat.
“Ipuingintza aldarrikatzen dut, erresistentzia nahi txiki batez. Lupatik kanpo dagoen generoa da instantzia literarioetan, baina nobelak baino gauza gehiagoz hitz egiteko aukera ematen dit, esate baterako”, azaldu dio errenteriar idazleak Iñigo Astiz kazetari eta idazleari.
Dena zulo bera zeneko sei ipuinak “hemen eta orain gertatzen ari denari buruz” hitz egiteko artefaktu zehatz baina hunkigarriak dira, eta “erakusten ez diren gauzak, egiak, kezkak, kontraesanak” erakusten dituzte, literaturan eta munduan egoteko modu jakin batekin koherente.
“Zuloetan, hutsuneetan, orbainetan dago zer garen”, esan du Rodriguezek: “Aurrera jarraitu eta ezikusiarena egiten dugu egunerokoan, pitzadurak ikusiko ez bagenitu bezala. Baina literatura inertzia horien aurkako kontrapisua da”.
Zuloaren silueta marrazten digu literaturak; geurea da barrualdeari begiratzeko lana, osatuko ote dugun gorabehera, zein ilun den ikusteko baino ez bada ere.