"Artistei ahotsa eman nahi izan diegu, beren lana egungo testuinguruan koka zezaten"
Praktika artistikoa ugaria eta oparoa da Euskal Herrian; Mikel Onandiaren (Durango, 1983) eta Jone Alaitz Uriarteren (Arrasate, 1986) ustez, baina, sormen eta sortze lan horrek ez du parekorik, gure herriko artisten inguruko idatziez eta testu kritikoez ari garelarik.
Esan eta egin: bi komisariook (Onandia EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea ere bada eta Uriartek Tabakalerako Arte Garaikidearen departamentuan lan egiten du, besteak beste) hitza eman diete, solasaldian berbagai izan dugun elkarrizketa liburuan, 1980eko hamarkadan jaiotako bost euskal artistari: Sahatsa Jauregi, Oier Iruretagoiena, Damaris Pan, Daniel Llaría eta Nora Aurrekoetxea.
"Desmuntatzeak eta ornamentuak" lanak artista garaikideon iragan, orain eta geroari buruz hitz egiten du, beren lanari eta berorren baldinkizunei buruz, hala nola obra bera, noski, formazioa, eraginak, artearen funtzioa, sortze prozesua, erreferentziak, Euskal Herriko arte sistema, materialak, harreman sareak, merkatua, publikoa, profesionalizazioa…
Onandiarekin eta Uriarterekin hitz egin dugu, gehiago jakiteko.
Hasieratik abiatze aldera, zer dago izenburuko desmuntatze eta ornamentu kontzeptuen atzean?
Mikel: Esan dezakegu, oro har, postmodernitatearen oinarrietako bat aurreko errelato edo diskurtso kanonikoen desmuntatze ariketak direla. Artean, artistek dekonstrukzio formal eta kontzeptualak ere osatzen jardun dute 1980ko hamarkadatik hona. Horrek guztiak mintzaira ezberdinen arteko hibridazioa eta aniztasuna ekarri du, izan artista baten ibilbidean –teknika eta hizkuntza ezberdinak naturaltasunez jorratuz–, izan obra zehatzetan bertan, lehengai ezberdinen arteko konjuntzioaren bidez.
Era berean, azken urteotan aipatu praktika horiek areagotu egin dira, eta interes berezia jarri da bestelako auzietan, hala nola camp deritzonean, ere, zein ornamentuaren kontzeptuan. Modu ezberdinean bada ere, uste dugu liburuak biltzen dituen artistek, gehiago ala gutxiago, badutela zerbait horretatik.
Zergatik aukeratu dituzue zehazki Sahatsa Jauregi, Damaris Pan, Nora Aurrekoetxea, Oier Iruretagoiena eta Daniel Llaría? Zer dute komunean bost artistok eta zerk ezberdintzen ditu?
Jone: Esan daiteke proiektua bera egiteko abiapuntua artista horien lanaren gainean dugun interesa dela. Mikelen eta bion arteko elkarrizketetan, behin eta berriz ateratzen zitzaizkigun bost artista hauen izenak, besteak beste, bai bere ibilbide artistikoan nola praktikara hurbiltzeko eran puntu asko ikusten genizkielako komunean; uste genuen bere lan, kezka eta interesen bitartez, belaunaldi bereko hainbat artista egon zitezkeela islatuta.
Eskultore edo pintore baino gehiago, irudi-sortzailek dira bostak ala bostak, eta ideia jakin batetik abiatu baino gehiago, garrantzi handia ematen diote prozesuari, eta obran oso modu zintzoan integratzen dituzte prozesu horretan gerta daitezkeen akatsa, anekdota edo ezusteko gertaerak.
Ornamentua edo osagarria izan daitekeen hori erdigunean jartzeko joera ere badute, forma eta ornamentuaren arteko dikotomia irauliz. Gero, noski, artista bakoitzak bere unibertsoa du, eta, adibidez, materialen aukeraketan eta material horren trataeran badaude ezberdintasun nabariak.
Nola hurreratuko zenioke ezagutzen ez duenari bost artistetako bakoitzaren jarduna?
Mikel: Ezberdinak dira denak. Sahatsa Jauregik eskultura lantzen du batez ere, baina modu hedatuan ulertua batez ere, instalazio forman, eta teknoestetika kutsua ematen dio bere lanari, inguruko errealitatea eta batez ere kitsch delakoa erdigunean kokatuta.
Oier Iruretagoienak orotariko mintzairak lantzen ditu, izan soinua, izan eskultura; prozesu geldoko obra da berea, geruzaz geruza osatzen doana, sedimentazio bisual eta kontzeptual nabarmeneko lanak osatzeraino.
Bestalde, Damaris Pan pinturaren baitan mugitzen da, formaren eta kolorearen arteko tentsioekin jolasean, mintzaira piktorikoa bera abiapuntu harturik, berau zalantzan jartzeraino.
Dani Llaría instalazioan, pareta eta sabaitik eskegitzen diren lanekin, zein bideogintzan trebatzen da. Batez ere, giza gorputza eta horrek klase nortasunekin, botere harremanekin eta sexualitatearekin dituen harremanak aztertzen ditu.
Bukatzeko, Nora Aurrekoetxeak eskultura lantzen du batez ere, idazketarekin, performancearekin eta instalazioarekin batera, azken hori arkitekturarekin harremanetan, betiere intimitatea eta gizakion alderdi emozionala zentroan jarrita.
1980ko hamarkadan jaiotako artistak dira guztiak, eta "orain" erabaki duzue liburua egitea, sarreran esaten duzuenaren arabera, "berandu baino lehen". Zergatik da oraingoa une aproposa artista hauek atzera, orainera eta aurrera begira jartzeko?
Jone: Zinez uste dugu beraien ibilbide artistikoaren une interesgarri batean daudela, nolabaiteko heldutasun artistiko batean.
Egin dute ibilbide bat, eta badago aukera atzera begiratzeko, egindakoak batu, ondorio batzuk atera eta hemendik aurrera egin nahi den horri bultzada emateko.
Elkarrizketetan, oso ondo artikulatuta daude artistek hausnartutakoak, zintzoak dira, eta era garden batean ikus daiteke bakoitzaren jomugan zer dagoen.
Ziur gaude elkarrizketa horiek orain bost urte egin izan bagenitu, esandakoak askoz ere zalantzatiagoak izango zirela. Heldutasun artistiko interesgarri batean daude, ibilbide serio batek abalatzen ditu eta uste dugu merezi duela emango dituzten hurrengo pausoei adi egotea.
Norentzat da "Desmuntatzeak eta ornamentuak" lana? Zer irakurle izan duzue buruan idazteko garaian?
Jone: Liburua egiteko arrazoietako bat da gure inguruko artisten gaineko testu gutxi daudela idatzita, are gutxiago euskaraz. Erakusketa jakin bati buruz idatzi diren testu apur batzuk daude, edota erakusketen liburuxkak, eta guk, modu apal batean bada ere, gure ekarpena egin nahi izan dugu, idatziz. Horretarako, artistei eman nahi izan diegu ahotsa, beraiek izan zitezen beren lana egungo testuinguruan kokatzen zutenak.
Etorkizun hurbil batean -edo ez hain hurbil batean- artista hauen lanari buruz jakin nahi duen horrek abiapuntu bat izan dezan idatzi dugu liburua, eta ideia da iraungitzen ez den liburua izatea, behin eta berriz bueltatu zaitezkeen argitalpena izatea.
Beraz, publiko hartzaileari dagokionez, arte garaikidearen ikerketan dauden komisarioak, programatzaileak, Arte Ederretako ikasleak edota kultura garaikidean interesa dutenak izan daitezke.
Liburuko bost protagonistek Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi dute, nahiz eta, zuen hitzetan, "Do It Yourself filosofiatik hurbil dauden". Zer tresna eta zer testuinguru eskaintzen du Arte Ederren Fakultateak eta zer mailatan da artistarentzat garrantzitsua edo berebizikoa "testuinguru jakin batekiko atxikimendua"?
Mikel: EHUko Arte Ederren Fakultatea, orain gutxi 50 urte bete dituena, funtsezkoa da euskal artearen sisteman, eta lehen formakuntza instituzionalizatua izan da euskal artista garaikide gehienentzat. Halaber, formazio hori bestelako esperientzia eta formakuntzarekin osatu dute artistok, atzerrian ikasketak eta egonaldiak osatuz adibidez, eta batez ere modu bakartiagoan, sorkuntzak eskatzen duen ikerketan.
Prozesuko artistak izanik, beren inguruan dutenarekin lan egiten dute, eta horrek ezjakintasun batetik abiatzea dakar. Bestalde, gehiago ala gutxiago, komunitate baten baitan lan egiten dute. Hain justu, horren parte sentitzen ote diren galdetu diegu denei.
Sortze lanak erakutsi egiten dira, gauzatutakoan. Nolako ekosistema instituzional, profesional eta independentea eskaintzen zaie artistei orain eta hemen, bide horretan laguntzeko?
Jone: Euskal Herri mailan, oso ondo ehundutako sare zabala dago artea ekoizteko. Batez ere erakunde publikoetatik sustatzen diren sorkuntzarako laguntzak eta bekak daude, baita hemen eta kanpoan egonaldiak egiteko aukerak.
Egindako sorkuntzak erakusteko garaian, aldiz, zailtasun handiagoa dago, eta horrek inbutu moduko bat sortzen du. Ohiko erakunde eta museoez gain —Tabakalera, Azkuna Zentroa, Artium…—, halaber, badago espazio independenteen sare bat, informalagoa eta dinamikoagoa dena, eta aukera ederrak ematen dituena egindako lana erakusteko; behar-beharrezkoa da hauen existentzia eta babesa.
Gehienak Bilbon badaude ere —Okela, Artiatx, Atoi…—, badaude beste herri eta hiri batzuetan sortzen ari diren ekimenak, esaterako ZAS, AZPI, Dinamoa… Ildo honetan, Eremuak programaren baitan dagoen Harriak proiektua ere nabarmentzekoa da; izan ere, hainbat herritako kultur etxeetan taldekako erakusketak antolatzen dituzte, hain juxtu arte garaikideak zabalkundea izan dezan hiriburuetako logiketatik at.
Guggenheim museoa aipatzen dute artistetako batzuek, arte garaikideari gerturatzeko prozesuan, eta zuek ere hartzen duzue hizpide "arte garaikidearekiko lehen harreman sistematikoa" eskaini diela artisten eta artearen historialarien azken belaunaldiei. Zer paper aitortzen diozue museo ikoniko horri euskal arte garaikidearen garapenean?
Mikel: Guggenheim museoaren kontrako ahots ugari entzun ziren proiektua aurkeztu zenean zein horren lehen urteetan. Egun, 25 urte pasata, euskal sisteman txertatua dago.
Oro har, emaitza positiboa dela esango nuke, baina artea transzenditzen duen fenomeno konplexua da. Paradigma industrial batetik zerbitzuetan oinarritutako eredu ekonomiko eta sozial batera igarotzeko motor gisa jaio zen, eta hala funtzionatu du, argi-ilunekin, hiria maila askotan biziberrituz eta beste batzuetan gentrifikatuz.
Artearen ikuspegitik, eraikin bikainak ez du beti programazioan maila bera aurkitu, batez ere hasieran, erakusketa mainstreamekin, baina, denborarekin, museoak beharrezko autonomia lortu du.
Edozelan ere, belaunaldi berri oso bati Guggenheimek lehen kontaktu sistematiko eta kalitatezkoa eskaini digu arte garaikidearekin, mundu mailan punta-puntakoak diren artistak eta artelanak etxean bertan ezagutzeko parada. Errealitate lokalari gehiegi ez begiratzea egotzi izan bazaio ere, ziurrenik ez da hori bere egitekoa, eta beste agenteek modu hobean saretu dezakete euskal arte sistema.
Gakoa, agian, erlazio orekatuagoa aurkitzean legoke, Guggenheimi eta gainerako azpiegitura instituzional zein independenteei eskainitako errekurtso ekonomiko eta bitartekoei dagokienez.
Euskal Herrian, profesionalizatzeko bidean, "artista asko eta komisario gutxi" daudela aipatzen du Oier Iruretagoienak. Nola baldintzatzen du horrek sorkuntza? Nola areagotu eta sustatu daiteke artisten lana zabaltzeko eta dinamizatzeko prozesu hori?
Jone: Komisario gutxi egoteak ez du zuzenean sorkuntza baldintzatzen; bai, ordea, sorkuntza horien zabalkundea.
Beste belaunaldi batzuetan, eta Madril eta Bartzelona bezalako testuinguruetan, elkarrekin hezi diren komisario eta artista taldeak egon dira, eta nahiko modu naturalean eman da komisario horiek proiektuak garatzea gertu zituzten artistekin. Eta lehen erakusketa horiek espazio informal eta ez hain instituzionalizatuetan egingo ziren gainera, saiakera gisa.
Hemen, agian, hori falta da, saiakerak egiteko espazioak eta aukerak, artistekin zuzenean lan egingo duten figura horiek probak egiteko lekuak izan ditzaten. Dena den, komisarioaren figura aldatzen joan da, kritikoaren figurak egin duen bezala, eta, egun, programatzaile, bitartekari edota idazleek betetzen dute figura hori.
Zer harreman dago, orokortu badaiteke, artista talde honen eta merkatuaren artean? Zelan uztartzen dute konpromiso artistikoa eta merkatuaren presioa?
Mikel: Unibertsitate ikasketak osatu eta hurrengo urteetan, formakuntzarako eta ekoizpenerako laguntza ezberdinak aurkitzen dituzten artistek errealitate konplexu batekin egiten dute topo, behin hogeita hamabost urteen langa gaindituta, eta zailtasunak dituzte merkatu globalizatu batean txertatzeko.
Hala, behin sustapenerako laguntzak eta sostenguak agortuta, politika publikoek ez dute jarraipenik bermatzen hurbileko testuinguruan, eta mezenasgoaren eta bildumagintza pribatuaren sare ahul batekin egiten dute topo.
2008an hasitako finantza krisiaren ondoren, gurean jardunean jarraitzen duten galeria apurrak ez dira nahikoa artisten belaunaldi berriak merkatuan hartzeko eta haiekin lan egiteko; egia da hainbatek lortu dutela beren tokia Espainiako estatu mailako eta nazioarteko galeria zirkuitu batzuetan; halere, profesionalizazioa helburu oso zailtzat daukate artistok.
Dena den, konpromiso artistikoa, zalantza barik, merkatuen logika eta presioen gainetik dago.
Damaris Panen hitzetan, "iraultzailea eta erradikala askatasunerantz eta zoriontasunerantz, eta ergelkeriaren kontrakoa" izan behar du arteak. Baina arreta handia ematen dit banketxe, erakunde eta enpresa energetikoek berbarako, iraultzaren oso alde ez egonagatik, arte garaikidean duten interesa. Zeri zor zaio, zure ustez? Badu eraginik sortzaileengan?
Mikel: Artea sistema konplexu baten baitan garatzen da, eta arte sistema hori orokorragoa den gizarte sistema ekonomiko, politiko eta kultural baten parte da.
Zentzu horretan, artea erresistentzia gune bat dela esango nuke, eta hala ulertzen ditut Damaris Panen hitzak. Arte politikoa iraultza sozialerako tresna gisa defendatu izan da sarritan historian zehar, baina esango nuke artista hauek hurbilago daudela banakoaren ezagutza modu eta askatasunaren gaineko kontzepzio batetik.
1980ko hamarkadan jaiotako taldea izan duzu oraingoan aztergai. Badago haien atzetik datozen belaunaldien norabidearen zantzurik?
Jone: Ez da erraza erantzuteko, baina badago pinturaren praktikan nabarmentzen ari den artista talde gazte interesgarria, hauek ere EHUn ikasitakoak edota zeramikaren praktikan ari diren artistak, EHUko Masterra ikasitakoak …
Dena den, esango nuke egun artistok diziplinen artean modu naturalago batean egiten dutela lan, diziplina batetik bestera salto eginez, esperimentatzen, probatzen… Moda, musika, bideoa edo gorputz adierazpenak sormenez uztartzen dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Zabalik dago Euskal Museoa
Bilboko museo zaharberrituaren ateak gaur goizean ireki dituzte, hainbat urteko lanen eta 20.397.401,53 euroko inbertsioaren ostean. Hamar egunez, sarrera doakoa izango dute herritarrek.
Xabier Paya Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendari nagusi izendatu dute
Sorkunde Aiarza Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendari kudeatzailearekin batera jardungo da Paya Euskal Museoa Bilbao, Bilboko Berreginen Museoa eta San Frantziskoko komentuko aztarnategia kudeatzen dituen erakundea gidatzen.
Bilboko Euskal Museo berritua ekainaren 10ean irekiko dute eta sarrera doakoa izango da hamar egunez
Zaharberritze arkitektoniko zein museografiko sakon baten ondoren, ekainaren 21era arte herritarrak doan sartu ahalko dira Euskal Museora, Bilbon. 50.000 piezako bilduma erakusteko espazioan 20.397.401,53 euroko inbertsioa egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, eta proiektuak 5.000 m2 baino gehiagoko erakustokia irabazi du.
Jasper Johnsen 134 lan bildu ditu Guggenheimek
Estatubatuar artistak zazpi hamarkadako ibilbidean eginiko lanaren atzer begirako erakusketa antolatu du Bilboko museoak. Urriaren 12ra arte, "Night driver"bildumak pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, liburu bat eta eszenografia bat eskainiko dizkio bisitariari.
Bilboko Euskal Museoaren inaugurazioa
Jarraitu zuzenean Bilboko Euskal Museo berrituaren inaugurazio ekitaldia.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.
"Vivre Sa Vie. Georges Dambier eta Moda" erakusketa, Cristobal Balenciaga museoan
Georges Dambier argazkilariaren 77 irudik osatzen dute erakusketa. Ikuspegi aitzindaria izan zuen Dambierrek 50eko hamarkadan: modeloak kalera atera zituen, eta estudioko argazkien konbentzio zurrunak apurtu zituen. Erakusketa bihartik abenduaren 13ra arte egongo da ikusgai Cristobal Balenciaga museon, Getarian.
"Fantasia eta arrazoia": Goyaren artelan handiak biltzen dituen erakusketa, Arte Ederren Gasteizko Museoan
Gerraren hondamenak, Tauromakia, Burugabekeriak eta Kapritxoak dira, besteak beste, Francisco de Goyaren lau sail nagusietakoak. Erakusketa 2027ko otsailera bitarte egongo da Arte Ederren Gasteizko Museoan. Bestetik, Donostiako San Telmo museoan Goya protagonista duen erakusketa bat dago.
Goyaren lanak, Donostian eta Gasteizen
Francisco de Goyaren estanpak ikusgai daude bi erakusketatan, Donostiako San Telmo Museoan eta Arte Ederren Arabako Museoan.