Guggenheimek Jungwirthen "trazu indartsuei" irekiko dizkie ateak
Guggenheim Bilbao Museoak Marta Jungwirth austriar artistaren (Viena, 1940) lanen atzera begirako erakusketa irekiko du ekainaren 7an: sei hamarkadako bidean egindako hirurogeita hamar artelan baino gehiago, guztira. Sortzailea "mundu fisikoan oinarritutako lengoaia abstraktua" erabiltzeagatik nabarmentzen da, museotik azaldu dutenez.
1976 eta 2023. urteen artean egindakoak dira Lekha Hileman Waitoller komisarioak erakusketarako hautatu dituen artelanak: akuarelak eta olio pinturak zein artistaren hiru liburu.
"Jungwirthen margolanak eta marrazkiak maisutasun handiz mugitzen dira errealismoaren eta abstrakzioaren arteko muga sotilean zehar", Guggenheimetik azaldu dutenez, "izan ere, bere artearen helburua ez da narratiba edo errepresentazio bisual argi bat irudikatzea; aitzitik, emozioak adierazteko balio duten keinuzko trazu indartsuak eta bizitasun handiko koloreak ditu ezaugarri".
Jungwirthen lehen obrek "gordintasunari eta subjektibotasunari heltzeko modu berezia" erakusten dute, "espresionismo abstraktuaren eta halako tasun gordin eta hunkigarri baten arteko uztarketa".
Jungwirthen margolan indartsuetan "estilo zeharo inkonformista" antzematen da, museoko arduradunen hitzetan: "Ezohiko euskarrietan sortuak dira, besteak beste kartoiaren, kontabilitate-liburuen edo zatar-paperaren gainean".