Irunen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa, larunbat honetan
Larunbat honetan, azaroak 5, jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa Irunen, Ficoba espazioan.
Oholtzara, sei bertsolari hauek igoko dira: Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.
Finalaurrekoetako lehen itzuli osoan bezala, ariketa hauek egin beharko dituzte bertan:
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Larunbateko saioaren irabazleak Baionan kantatuko du bigarren itzulian, azaroaren 26an.
Irungoaren ostean, lehen itzuliko finalaurreko bakarra geratuko da, Durangokoa, azaroaren 12an. Bigarren itzulia hasiko da gero, eta Amurrion, Baionan eta Bilbon jokatuko dira saioak.
ETB4k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute saioa 17:00etatik aurrera.