Web berri bat, Mikel Laboaren musikara eta bizitzara gerturatzeko
Mikel Laboaren musikari buruzko informazioa, datu biografikoak, argazkiak eta kantautore donostiarraren jardunari buruz prentsan argitaratutako artikuluen gordailua biltzen dituen webgune berri bat aurkeztu dute gaur.
Gipuzkoako Aldundiak eta Mikel Laboa EHUko katedrak jarri dute martxan webgunea. Koordinatzailea Itziar Zubizarreta da, eta diseinua eta errealizazio teknikoa Itxaso Mezzacasaren ardura dira.
Gaur aurkeztu dute weba Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean, Mikel Irizar Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak, Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedraren zuzendariak eta Itziar Zubizarreta webgunearen koordinatzaile eta edukien arduradunak.
Ekitaldira, Marisol Bastida Mikel Laboaren alarguna ere bertaratu da. Hain zuzen, EHUk eta Aldundiak ohar batean esan dutenez, bera izan da informazio iturri nagusia.
Halaber, Jose Luis Zumeta margolariak gunea janzten duten irudiak eman ditu, eta Eresbil Euskal Musikaren Artxiboak ere “berebiziko” garrantzia izan du dokumentuak eta diskografia jasotzeko orduan.
Gainera, Irizarrek eta Igerabidek hiru ikerketa lan monografiko bultzatuko dituztela eta sormen artistikorako laguntzak eta doktore tesi baterako kontratua sustatuko dituztela adierazi dute.
Horrez gain, Katedrak bertsolaritzari buruzko tesi eta lan monografikoak egiteko diru laguntzak emango dituela iragarriko du maiatzaren 25ean.
Dantzarako laguntzak ere izango dira, baita Benito Ansola ikus-entzunezko lanetarako saria babesteko ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko