Jazza hemen da jada
Uda jazzaren sinonimoa da Euskal Herrian, besteak beste Gasteizko eta Getxoko jazz jaialdiei zor zaienez, eta bi festibalek beren aurtengo edizioak aurkeztu dituzte gaur; Arabako hiriburukoa uztailaren 1etik 8ra egingo dute, eta Bizkaiko udalerrikoa, ekainaren 28tik uztailaren 2ra.
Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioak 50 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu, eta "musikari gazte berriek" protagonismo handia izango dute berorietan, antolatzaileen esanetan; aurresalmenta datuak ere oso onak omen dira. "Aurreko urteetan baino sarrera gehiago saldu ditugu, eta bi aste falta dira oraindik jaialdirako", esan dute.
Programazioaren zati nagusia uztailaren 3tik 8ra garatuko da Principal antzokian eta Mendizorrotza kiroldegian, baina doako emanaldiak ere izango dira Gasteizko eta Arabako beste hainbat tokitan, hilaren 1etik aurrera.
Mendizorrotzan, programazioa uztailaren 5ean abiatuko da, eta agertoki horretan ikusi ahalko dira Maria Schneider eta Oslo Jazz Ensamble (uztailak 5), Brad Mehldau Trío (uztailak 6), The Bad Plus (uztailak 7) eta Silvia Pérez Cruz (uztailak 8).
HerriJazz Ibiltaria
Gasteizko jazzaldia izango da, hain zuzen ere, HerriJazz Ibiltaria ekimenaren lehen geltokia. Jazz talde berriei bultzada ematea eta berorien lana Euskal Herriko hainbat herritan zabaltzea du helburu.
Jazza Parkean programaren barruan, aurreikusitako bost kontzertuetako lehena egingo da: uztailaren 1eko 18:00etan, Eira & Band boskotea Musikeneko ikasleekin arituko da, Eider Elorzak zuzenduta.
Getxo
Aurretik, Getxokoak abiatuko du jazz jaialdien denboraldia, ekainaren 28tik uztailaren 2ra egingo baitute. Muxikebarriko ordainpeko kontzertuetan izango dira Jazzmeia Horn (ekainak 28), Kurt Elling (ekainak 29), Marc Ribot (ekainak 30), Al Di Meola (uztailak 1) eta Dave Holland (uztailak 2).
Horrez gain, taldeen lehiaketako irabazleek ere joko dute, eta doako kontzertuak ere izango dira Algortako kaleetan.
Donostiako Jazzaldia, berriz, uztailaren 21etik 25era egingo dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko