Azkena Rock Festivalek utzi dizkigun zortzi izen
Lau agertoki, hiru gau, 50.000 bisitari, hirurogei talde eta bakarlari baino gehiago kartelean… Baina, zenbakiak ez ezik, Azkena Rock Festival Gasteizko jaialdiaren 22. edizioak hainbat izen ere utzi ditu rockzaleen buruetan.
Queens of the Stone Age
Josh Hommeren taldeak hankaz gora jarri zuen Mendizabala ostiraleko kontzertuan, eta rockaren estandarrak berretsi zituen: iaiotasun musikala (ikustekoa eta entzutekoa da Jon Theodoreren, Michael Shumanen, Troy Van Leeuwenen eta Hommeren beraren maila; azken horren frontman jardun berdingabeak gitarrista gisa duen balioa estaltzen du zenbaitetan), kantu paregabeak (batzuek esango dute zale berriengana bideratuegi egon zela errepertorioa, eta klasiko batzuk falta izan zirela), soinu bikaina (are ikaragarriagoa Songs for the deaf disko funtsezkoaren kantuak jo zituztenean, abesti horiek do doinuan afinatuta, errepertorioko gainerako aleak baino baxuago, jotzen dituztenez), jarrera egokia, gertatzen den guztiaren gaineko kontrola eta ikusgarritasuna (argi dotoreak, musikari laguntzen, besterik ez).
Inork galdetuko balu nolakoa izan behar den 2024an rock kontzertu handi bat, Mendizabalara eramango nuke, larunbat goizaldeko 00:20ra. Egun, Erdi Aroko erreginek ondo merezita dute rock talde handietan onenaren tronua.
Jane's Addiction
Queens of the Stone Agek baino nagusitasun gutxiagoz (Perry Farrellen ahotsa ez da garai batekoa) bada ere, Los Angelesko taldeak kontzertu azpimarragarria eskaini zuen jaialdiaren lehen gauean, berori sortu zuen laukotearen eskutik.
Dave Navarro, Eric Avery, Stephen Perkins eta Farrell bera rock alternatiboa deritzon horren aitzindari gisa dagokien ospearen mailan aritu ziren Gasteizen.
Whispering Sons
Zoritxarrez euriak dirdira apur bat kendu bazion ere, belgikarren kontzertuak agerian utzi zuen taldea jaialdiaren edizio honetako ezusteko ederrenetakoa izan dela, eta askoren eta askoren erreprodukzio zerrendetara lerratu dira dagoeneko, seguru.
Fenne Kuppensen ahotsak gidatuta, zaporeko malenkoniatsuko bere post punk ilunaren arrastoa utzi zuen taldeak Gasteizen. Ea berandu baino lehen etortzen diren The great calm diskoa areto batean aurkeztera.
Redd Kross
Talde perfektua, une perfektuan. Garagea eta rocka lelo itsaskor eta alaiekin uztartzen dituen formulak bultzada handia eman zion ostiral arratsaldeko giro eguzkitsuari.
Jeff (gitarra eta ahotsa) eta Steve (baxua, Off!en eta Melvinsen ere aritutakoa) Mc Donald anaiek gidatzen duten kaliforniar taldeak koska bat gorago altxatu zuen giroa, kantu ederren bidez. Lehen diskoa 1982an kaleratu zuen taldeak kantu klasikoak eta ekainaren 28an argitaratuko duen diskoaren aurrerapenen batzuk nahasi zituen.
Mavis Staples
Whispering Sonsen proposamenaren ia kontrakoarekin (hori da jaialdietako alderik politena), Mavis Staples mito handiak funk, blues eta soul lagin paregabea utzi zuen larunbatean, nola ez, Respect agertokian.
Ahots teknika eta eztarriaren kontrol bikaina erakutsi zituen, talde oso sendo batek lagunduta. Kontzertu gogoangarria.
Ezpalak
Zestoar taldeak eskatu ahal zaiona eta gehiago eman zuen ostiralean, Love agertokian, 18:00etan eguzkia aurrez aurre zuela. Jarrera ernez eta soinu garbiz, laukoteak gero eta jende gehiago erakarri zuen kontzertuak aurrera egin zuen ahala, rock kantagarriz eta indar punkez.
Estudioko hiru disko eta zuzeneko bat, eta ostiralekoa bezalako kontzertuak, publikoa lagun duela "Itzala" kantu biribila kantatzen, esaterako; taldeak eman duenari hurbiltzeko zein egingo duenari adi jarraitzeko argumentu sendoak dira.
Lisa & The Lips
Andrea Maria Zuriaren plazako kontzertuak dira Azkenaren proposameneko alderik baliotsuenetako bat. Horren jakitun, antolatzaileek Lisa & The Lips talde indartsuaren doako kontzertua paratu zuten Gasteizko erdigunean, eta The Bellrays taldeko abeslaria buru duen taldeak hiri osoa jarri zuen dantzan.
Publikoa
Jaialdiaren ondareko elementurik estimagarrienetakoa, estimagarriena ez bada, publikoa da. 50.000 lagunek gozatu dute aurten ARFz, eta berriz ere jantzi dute jaialdia nortasun rockzale eta melomanoz (eta azken hau, musikarako maitasuna, ez da beti izaten jaialdietako publikoaren ezaugarririk behinena).
Ostiralean joan zen jende gehien, eta jendearen joan-etorria nabarmena izan zen tarteka, baina, sold out dontsutik gertu egonagatik, eroso egoten zen kontzertu esparruan, eta garbi-garbi egon ziren komunak eta ganerako espazio guztiak.
2025eko zita ekainaren 19, 20 eta 21era dago jarrita.
Zure interesekoa izan daiteke
Silvio Rodriguezek geldialdia egin du Bartzelonan, Euskal Herrirako bidean
Kubatarrak kontzertua egin du bart Liceun, irailaren 12 eta 13an Bilboko Euskaldunan aritu aurretik.
Zuzenean: Basking Beat & Bite
Basking Beat & Bite jaialdiaren edizio berri bat egingo da abuztuaren 29an, Miami, Santiago de Chile, Helsinki eta Tbilisin aldi berean eskainiko diren kontzertuekin. Euskal musikaren egungo lau proposamen bilduko ditu programazioak: Merina Gris, Mirua, Sua eta Idoia.
ETS taldeak hankaz gora jarri du Europa parkea, "Badator Marijaia" abesten
37.000 lagun inguru Arabako taldearen kontzertuan izan dira, eta aho batez abestu dituzte kanta guztiak. ETSk harrituta utzi ditu Europa parkera joandakoak, Aste Nagusiko Badator Marijaia jo dutelako.
Dolly Parton hil da, country musikaren izar ospetsua
Abeslari eta konpositore estatubatuarra 80 urte zituela hil da. Azken hilabeteetan gaixorik ibili zen eta kontzertu batzuk bertan behera utzi zituen.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
ETS taldeak dantzan jarriko du gaur Bilbo, Europa parkeko kontzertuen lehen gauean
Hitzordua 00:00etan da, Europa Parkean. Horrez gain, beste musika proposamen batzuk ere izango dira, besteak beste, Bilboko Udal Bandaren emanaldia, Serafin Zubirirekin batera, 23:30ean, Abandoibarran.
Leire Martinezek 13.000 lagun bildu ditu Abandoibarran, gau ahaztezin batean
Abeslari donostiarrak bere bakarkako ibilbidearen lehen lana aurkeztu du Aste Nagusian: “Historias de aquella niña”. Emozioz eta nostalgiarako tartez betetako kontzertua izan da, aro berri bati ekiteko.
Zea Maysek jendetza bildu du Abandoibarran rock doinuekin
Elektrizitatea abestiak jendea saltoka eta kantuan jarri du, gaueko unerik txalotuenetako batean. Kontzertuak Francis Diez Doctor Deseo taldeko abeslariaren parte-hartzea izan du, eta elkarrekin abestu dute Corazón de tango abestia.
ETSk Bilbon emango duen kontzertua abuztuaren 25era aurreratu dute, ikuskizunetako teknikarien greba dela eta
Hasiera batean abuztuaren 26rako aurreikusita zegoen En Tol Sarmiento taldearen kontzertua datorren asteartean izango da azkenean, taldeak eta Bilboko Udalak aldaketa adostu ostean.
Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko
Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.