"Ferminek aurrea hartu dio beti bere garaiari"
Joan-etorriko artefaktua da musika baliotsua: iraganetik hartu, orain sortu eta gerora ematen da sorkari erritmiko eta melodikoa, halabeharrez. Hori presente izan dute eta izaten dute esker oneko sortzaile ernaiek, dela Johnny Cash beterano batek, bere ibilbidearen hondar aldian, Nine Inch Nails talde modernoago baten proposamenari irekita, dela –zer dakit nik, hamaika adibide daude– Sara Zozayak eta Benito Lertxundik elkarrekin kantatzen Benetan kantuan (Sara Zozaya, I, 2020).
Johnny Cash, "Hurt" Nine Inch Nails taldearen kantuaren bertsioa egiten
Etsenpluak ugari dira, esan bezala, musikaren orainaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko besarkadez ari garela; Fermin Muguruza musikariak, esaterako, euskal musikagintzaren katebegi berriagoen esker ona jasoko du ostegunean, urriak 31, toki ezin hobetik, Bilboko Kafe Antzokiaren agertoki gainetik.
Verde Prato musikariak, Hofe x 4:40 Igotz Mendez Hofe abeslariaren eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleen proiektuak eta Nakar taldeak Fermin Muguruzaren 40 urteko musika ibilbidea (Kortatu, Negu Gorriak, Fermin Muguruza eta Dut, bakarkako ibilbidea…) ospatuko dute, kantuan; "kantatzen du(e)n herri bat ez da inoiz hilko"-eta, jakina denez.
"Zu atrapatu arte" Kortaturen bertsioa, Verde Pratoren ahotsean
Bime musika industriaren profesionalen Bilboko topaketak antolatu du osteguneko emanaldia, eta, horren kari, hainbat aldiz subjektu gisa gauzatu duen belaunaldi arteko omenaldia bueltan etorriko zaio Irungo musikariari, iragarri zutenetik arreta handia erakarri duen munduko bira abenduan abiatu aurretik. Izan ere, ezin konta ahala omenaldi egin ditu Muguruzak bere obran (Mikel Laboa, The Clash, Rich Kids on LSD, Toots and the Maytals, Fugazi, M-ak…) eta aurrera ere begiratu du, esate baterako, Dut talde gazteagoari batuta 1997an Ireki Ateak diskoa plazaratzeko.
Orain, Verde Pratok, Hofe x 4:40k eta Nakarrek bere musika nola interpretatzen duten entzuteko parada izango du Muguruzak, eta guk Hoferekin hitz egin dugu, atariko gisa, kontzertuaren aurretik.
Zein da Fermin Muguruzarekin lotuta daukazun lehen oroitzapen musikala?
Lehen oroitzapen musikala hori baino lehenagokoa izango da seguru, gurasoek Kortatu, Negu Gorriak eta Ferminen bakarkako musika entzuten baitzuten, txikia nintzenean.
Baina galdera honek Eñaut ekarri dit burura, nire lagunik onena. Iruñerria Jamaica Clash reggae kolektiboko kidea zen, eta garai horretan asko hitz egin genuen Ferminen ibilbideari buruz: Euskal Herria Jamaika Clash eta Asthmatic Lion diskoak…
Zer esangura dute zuretzat Kortatuk, Negu Gorriakek eta Fermin Muguruzaren bakarkako bideak?
Ferminek, Iñigok-eta egindakoak puntu eta bereiz jarri zuen Euskal Herriko kulturan; gure nortasuna mundu osora hedatu zuten, eta hedatzen dute.
Ferminek aurrea hartu dio beti bere garaiari, nire ustez: beti soinu berrien bila, ideia berriak lantzen.
Nola deskribatuko zenioke Muguruzaren bidea eta ekarpena sekula haren berririk izan ez duenari?
Beti musika berritzailea egitea bilatu duen pertsona bat dela esango nioke, hainbat soinu nahasi dituena, musika berriaren bila.
Eta zer kantu jarriko zenioke Muguruza aurkezteko?
Ibilbide hori edo eboluzio hori adierazten duten hainbat kantu jarriko nizkioke pertsona horri. Lehenengo maketetatik hasi, gero Negu Gorriak, Dutekin egindako diskoa, Euskal Herria Jamaika Clash…
Artistaren eboluzioa nabarmenduko nioke, kantu ezberdinen bidez.
Zerk lotzen ditu zure musika edo musikaren gaineko zure ikuspegia Fermin Muguruzaren obrarekin?
Lotura dezente dagoela esango nuke. Nik ez dut neure burua estilo konkretu batera mugatzen, eta gustuko dut musikarekin jolastea: soinu berriekin probak egin, loturak bilatu eta aurkitu…
Uste dut horrek asko lotzen duela gure mobida Ferminek egiten duenarekin.
Joango zara Ferminen 40. urteurreneko birako kontzerturen batera?
Bai, oraingoz bi kontzertutara joango naiz: Bilboko kontzertura, Miribillakora, eta, datorren urtean, Anoetakora. Hori oraingoz, espero dut besteren batera ere joatea.
Zein kantu ez jotzea ez zenioke barkatuko eta zeinetan lagundu nahiko zenioke zuzenean?
Ez nioke barkatuko Amodiozko kanta ez kantatzea. Nire kanta gustukoena da, eta berarekin kantatuko nuke, noski.
Zer esango zenioke (esan diozu/esango diozu) Fermini aurrez aurre? Zer mezu helarazi nahiko zenioke?
Hainbat gauza. Bere ibilbideari buruz galdetuko nioke, eta, egia esan, izan dut jada berarekin horri buruz pixka bat hitz egiteko aukera.
Izugarria iruditzen zait Fermin entzutea, giza entziklopedia bat da.
Zer asmo edo aurreikuspen dituzu zure musika proiektuarekin?
Oraingoz, disfrutatzea, egiten dugunarekin gozatzea. Beti ibiltzen gara hurrengo pausoaren bila, eta orainaz gozatzea ahazten zaigu.
Beti jo eta ke lanean, beti disfrutatzen, baina orainean bizitzen saiatzen ari naiz.
Zure interesekoa izan daiteke
ZETAKen Mitoaroa III ikuskizun historikoa, zuzen-zuzenean, larunbatean, San Mamesetik, ETB2n eta ETB ONen
Ostegun honetan, Mikel Reparaz kazetariak Pello Reparazi elkarrizketa zabala egingo dio. Ikusgai izango da ETB1en (21:45ean) eta ETB2n (23:15ean), "Bizi Natura" saioaren ondoren
Azkena Rock Festival: rock-and-rolla besterik ez, baina atsegin dugu
Ostegunean hasiko da, Gasteizen, euskal rockzaleen urteko hitzordu behinena, kutsu klasikoz, ohi bezala, Alice Cooper, The Adicts, Circle Jerks, Evaristo, Superchunk, Therapy? eta Social Distortionen eskutik berbarako, baina gaur-gaurko taldeekin ere, hala nola Carpenter Brut, Hallas, 70eko oihartzunak gorabehera, Alcalá Norte eta Sleaford Mods.
Peiremans+ taldeak abenduko birako kontzertuetako sarrera guztiak saldu ditu
Gorka Urbizuk, Imanol Ubedak, Marino Goñik eta Txikik osatzen duten taldeak minutu gutxian saldu ditu Biarritzen, Azpeitian, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Bilbon eskainiko dituzten emanaldietarako txartel guztiak.
Honelakoa izango da Juanes, Antonio Orozco, Rigoberta Bandini eta Süneren kontzertua ostiral honetan, Bilbon
Emanaldiak Casilda Iturrizar parkean izango dira ostiralean, ekainak 12, 16:00etatik 22:00etara, eta 23:00etatik 23:30era 1.500 dronek ikuskizuna egingo dute Bilboko zeruan.
Kode: “Mugatuak sentitzen ginen hastapenean genuen rock estiloan”
Kode bikoak “Suntsitu.001” EPa kaleratu du, punk rockaren bizitasuna, elektronikaren espantsioa eta lelo biribilen erakarmena uztartzen dituzten lau kantuko bilduma. Eki Arizaga eta David Lakarra taldekideekin hitz egin dugu.
BOSek 2026-27 denboraldia aurkeztu du, "Basoa" lelopean
17 kontzertu sinfoniko programatu dira, eta 10 ganbera kontzertu. Leire Bilbao poetak testu proposamenak egingo ditu hainbat kontzertutan, Guernica opera berreskuratuko dute, Xabier Anduaga eta Vanessa Goikoetxea arituko dira bi kontzertutan, ET filma zuzeneko musikaz ikusi ahalko da eta Juanjo Mena BOSera itzuliko da bere agurreko denboraldian, 1999tik 2008ra zuzendu zuen orkestrara.
Bilbao BBK Livek urtebetetze festa ospatuko du igandean Kobetamendin
Mendian jardunaldiak musika eta umorea eskainiko ditu hilaren 7an Bilbao BBK Live jaialdia hartzen duen eremuan, Musika Tresna Birziklatuen Cateura Orkestraren, Suakai Philharmonic nafar taldearen eta Grison musikari eta umoristaren eskutik.
Musika Bulegoa Sariek euskal musikaren sormenerako gaitasuna goretsi dute
Biarritzen egindako ekitaldi batean, sektoreko elkarteak Olaia Inziarte, Jon Sáenz, Maite Ruiz de Erentxun, Sara Zozaya, Maite Larburu, Izaki Gardenak, Ezezez, Ødei, Fermin Muguruza, Javier Corral “Jerry” eta Xabi Aburruzaga saritu ditu.
'Otsaila', Eñaut Elorrietaren abesti berriaren bideoklipa
Milaka lagunek gozatu dute BECen El Ultimo de la Fila taldearen kontzertuan
Manolo Garcia buru duen taldeak bere abestirik ezagunenak eskaini ditu emozioz betetako hitzordu honetan, nostalgia protagonista nagusi zelarik.