Steven Van Zandtek ezingo dio Springsteeni lagundu Anoetako bigarren kontzertuan
E Street Bandeko gitarristari ebakuntza egin behar izan diote Gipuzkoako hiriburuko ospitale batean New Jerseyko musikariak larunbatean eman zuen kontzertuaren ondoren, apendizitisak jota baitzegoen.
Steven Van Zandt E Street Bandeko gitarristari ebakuntza egin diote Donostiako ospitale batean, apendizitisak jota baitzegoen, eta astearte honetan ezingo du jo, hortaz, Bruce Springsteenek Anoeta Donostiako estadioan eskainiko duen bi emanaldietako bigarrenean. Lehenengoa larunbatean izan zen, eta arazorik gabe jo zuen Van Zandtek.
Doctor Music Bossen Euskal Herriko kontzertuak antolatu dituen enpresak ohar bat kaleratu zuen atzo, astelehenarekin, Van Zandt, Little Steven, ondoezik zegoela esateko eta Donostian joko ez zuela iragartzeko.
Van Zandtek berak argitu zuen, ordu batzuk geroago X sare sozialean argitaratutako mezu batean, ebakuntza egin ziotela eta apendizitisak eragin ziola pairatu zuen min zorrotza.
“Zorionez, ospitale zoragarria aurkitu dut Donostian. Ebakuntza oso ondo joan da, eta gutxienez Milango kontzertuetako baterako itzuli nahiko nuke agertokietara. Eskerrik asko suspertzea opa izan didazun guztiei. Laster batuko gara!”, adierazi du gitarristak.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko