“Kriston martxa” ibiliko da asteburuan Arrasaten
Musika hitzordu bikoitza dago jarrita asteburu honetarako Arrasaten. Ostiral-larunbatetan, Mondra & Roll punk rockeko jaialdiak gitarra zorrotzak eskainiko ditu, urteroko zitari leial, The Toy Dolls, The Pioneers, The Exploited, DRI, Street Dogs eta The Real McKenziesen eskutik, besteak beste.
Punka, oi!-a, ska eta hardcorea entzungo da ostiralean Bromure oi! taldeak irekiko duen jaialdian. Horien atzetik arituko dira Streetwise iruindarrak, The Friday’s Crew, Rat-zinger bilbotarrak, Mike McColgan and The Bombsquad (estatubatuar musikaria jaialdiko izarretako bat izango da, bere bakarkako proiektuarekin eta Street Dogs taldearekin arituko baita Dropkick Murphyseko kantari ohia), Homefront, Street Dogs, The Exploited mitikoak eta The Selecter britainiar ska taldea.
Larunbateko egitaraua Puffer taldeak irekiko du. Chulería, Joder!, Béton Armé, Heriotza eta Far From Finished etorriko dira gero, eta, amaitzeko, rockaren talde historikoen hirukote bat: D.R.I., The Pioneers eta The Toy Dolls. Festa biribiltzeko The Real McKenziesen festa doinuak entzungo dira.
Fermin Muguruza
Igandea, baina, ez da atseden hartzeko eguna izango, uztailaren 6ko San Fermin bezperarekin, “Sarri Sarri” kantuak betikotu zuen Martuteneko ihesaren 40. urteurrenean, Fermin Muguruzaren mundu bira Arrasatera iritsiko baita, Monterron parkera bertara.
Joan den abenduan Biarritzen eta Bilbon eta duela hiru aste Anoetako estadioan bezalatsu, Arrasaten entzungo dira orain Kortaturen klasikoak (“Sarri Sarri” tartean, seguru), Negu Gorriaken ale batzuk (“Lehenbiziko bala” gehitu zaio kantu zerrendari azkenaldian) eta Fermin Muguruzak bakarka zein beste proiektu batzuetan lau hamarkadan kaleratu dituen kantuak.
Añubek eta Nakarrek lagunduko diote Arrasaten irundar musikariaren hamar laguneko talde eusko-katalan-kubatarrari.
Elkarrizketa
Nakar taldeari elkarrizketa
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko