Pulpek klase erakustaldia egin du Kobetamendin
Britpoparen beteranoek kontzertu dirdiratsua eskaini dute bart, Bilbao BBK Live jaialdiaren hemeretzigarren edizioaren aurreneko gaualdian. Mirua, Michael Kiwanuka eta Ca7riel & Paco Amoroso ere nabarmendu dira bertan.
Zaila da klase hitza definitzea, marxismotik urrunen dagoen bere adieran behinik behin. Esanahi lausoa du, aldakor askoa norberaren esperientzia, jakintza eta ingurumarien arabera. Nolanahi den, gaurdanik hiztegiek hitz horren ordaintzat Pulp britainiar taldeak Bilbao BBK Liveren lehen jardunaldian emandako kontzertua jasotzea proposatzen dut, kontsentsuaren fabore.
Ez dago oso argi zerk definitzen duen klasea, dotorezia, estiloa, baina kontzeptu horien sintesia ezin da oso urrun egon Jarvis Cocker Sheffieldeko taldearen buru eta kantariak bart Nagusia agertoki gainean laurogeita hamar minutuko emanaldian erakutsitako karismatik, jakintzatik, patxadatik eta publikoarekiko loturatik.
Britainiar musikaren aste handian (joan den asteburuan, Black Sabbathek agur esan zuen Birminghamen, eta Oasis agertokietara iritsi zen, gallagherdarren arteko aldartea baketuta), Bilbao BBK Livek jasoko duen britainiar musikaren inbasioaren abangoardia gorpuztu du Pulp osteguneko kartelburuak, disko berria (bilduma horretako kantuok ez dira taldearen klasikoen itzaletan gelditzen zuzeneko errepertorioan, eta asko esatea da hori) besapean duela.
“Spike island”ek, 24 urteko isilunearen ondoren kaleratu duten More diskoaren aurreneko kantuak, kontzertua ireki zuenetik “Common people” klasikoaren bertsio luzatu eta ospatura arte, Jarvis Cocker histrioniko eta teatralak nahieran gidatu zuen britainiar taldearen ibilbideko 569. kontzertua. Bilboko publikoa agurtzeko, pop kantuen hirukote paregabea aukeratu zuten: “Got to have love”, “Disco 2000” klasikoaren mailako kantu bat, “Babies” eta “Common people” bera.
Pulpen erritmo eutsien ondoren, jaialdi honetarako eta une horretarako talde perfektuaren txanda iritsi da. Ca7riel & Paco Amoroso bikoak bizipoza eta jai giroa piztu ditu San Miguel agertokian, maisuki jotako eta kantatutako funk gaiztotxoarekin.
Argentinar bikoak Baño María eta Papota bere bi diskoetako kantuak errepasatu ditu, eta bilbotar publikoa haren doinuetara dantzan jarri da brida barik “Dumbai”rekin, “Baby gangsta”rekin, “Impostor”ekin eta “Mi deseo” baxu jostari zoragarriak trostan jartzen duen kantuarekin.
Euskal musika, hasteko
Eider Saez izan da Kobetamendi musikaz jantzi duen lehen artista, jaialdiaren eremuko ateak ordubeteko atzerapenez ireki eta gero. Lazkaoko abeslariak Nola aldatu gara? bere lehen diskoa aurkeztu du karpan, Johnnie Walker agertokian, gitarrak, baxuak eta bateriak lagunduta, oraindik urri samarra zen publikoaren aurrean. Jakin-minez hartu dituzte goizetik sartutakoek Saezen kantu zuzen askoak, agian helduleku melodiko eta erritmiko gehiago eta, kontzertu honen formaturako behintzat, ahotsetan gainprodukzio gutxiago eskertuko lituzketenak.
Miruak, berriz, publiko gehiagotxo jaso du eskurago gelditzen zen San Miguel agertokian. Hirukoteak, agertokian Manu Gaigne perkusionista lagun zutela, Miruenea (Oso Polita, 2025) bere lehen diskoa aletu du.
Asmatu egin du taldeak Mirueneak gordetzen duen folkaren, elektronikaren eta ahots harmonien nahasketa oholtzaratzen, eta, eguzki galdatan, eguneko lehen dantzak piztu dituzte “Zazpiak bat” (Leturiaren zapatei omenaldia eta guzti), “Loreak mendian” (agertokian Hofe lagun zutela) eta “Morroxko” kantuek, baita trikipopa bueltan dakarren “Salda badago”k ere.
Iluntzerako bidean, publikoak Hinds taldearen garage rock eta indiea izan zuen lagun, besteak beste, Wunderhorse taldeak bere emanaldia ezustean bertan behera utzi eta gero, Nagusia agertokian. Neurria eman zuten, hala ere, eta oso emanaldi indartsua utzi zuten publikoaren gozagarri.
Maria Arnal kataluniarraren emanaldia ere nabarmentzekoa izan zen. Marcel Bagesekin batera jorratutako bide folkie, berrizale eta delikatutik irten, eta oraindik argitaratu ez duen kantu sorta bat aurkeztu zigun, bere ahots ahaltsua elektronika ilunez inguratzen duena.
Atzean proiekzioak erakusten zituen pantaila bat zuela eta koreografia neurtuak gauzatzen zituzten lau dantzari lagun, Arnalen proposamen abangoardistak bi aurkari izan zituen: aurrez aurre jotzen zuen eguzkia alde bisualari dagokionez eta zurrumurru atergabea soinuari dagokionez.
Kiwanuka zerutiarra
Michael Kiwanuka britainiar soulmanak bideratu zuen iluntzera Bilbao BBK Liveren lehen jardunaldia, eta erritmo gorabeheratsuak, kadentziatsuak, eta ahots limurtzailea baliatu zituen horretarako akuilu. Agertoki gainean musikari laguntzaileak apenas ikusi genituen egun batean, Kiwanukak bateria-jotzailea, perkusio-jotzailea, gitarrista, baxu-jotzailea, teklatu-jotzailea, hiru korista, biolinista eta txelo-jotzailea ibili zituen inguruan.
“One more night” gau apart bateko bigarren aleak, “I’m a black man in a white world” hunkigarriak eta “Hero”k kontzertu zoragarri batek hartuko zuen bidearen arrastoak erakutsi zituzten hastapenetatik; Kiwanukaren mistizismo zipriztin batzuek gozatuta, ordubeteko emanaldia bikaintasunaren harian mugitu zen une oro eta momentu goitarrak jo zituen tarteka: “Home again”en interpretazioa, hari bikoteak eta Kiwanukak gitarra akustikoa hartuta egindakoa, Kobetamendiko une historikoen (nire) zerrendara pasatu da.
Gaur, ostiralarekin, gehiago.
Zure interesekoa izan daiteke
Gure Ahotsak zikloak Clara Peya, La Tremendita, Chica Sobresalto, Mirua eta Neomaken kontzertuak eskainiko ditu
Emanaldi errenkadak emakume musikarien kontzertuak antolatu ditu berriz Donostian, martxoaren 3tik 7ra.
ETS, Nøgen, Hofe, Danielle Nicole eta Ibibio Sound Machine, Zurriolan Jazzaldian
Donostiako 61. Jazzaldian Zurriolako hondartzan, Keler Gunean, doako kontzertuak eskainiko dituzten talde eta artisten izenak iragarri dituzte. Uztailaren 22tik 25era, zortzi kontzertu izango dira.
Bryan Adamsek BECen joko du azaroaren 13an, "Roll With The Punches 2026" biraren barruan
Sarrerak martxoaren 6an, 10:00etan, jarriko dira salgai, 43 eurotik aurrera harmailetan eta 62 eurotik aurrera pistan.
Leire Martinez kartelera batu du Bigsound Barakaldo jaialdiak
Gipuzkoar kantaria uztailaren 3an eta 4an Barakaldon egingo duten jaialdian arituko da, Myke Towers, Lola Índigo, Juan Magan, Omar Montes, Inazio eta Ben Yartekin batera.
Ruben Bladesek Gasteizko jazz jaialdian joko du
Panamar musikaria uztailaren 17an arituko da, Mendizorrotzan, 20 musikariko big band batek lagunduta.
Janus Lesterrek disko eta bira berriak iragarri ditu
2026ko abenduan aurkeztuko du musikari nafarrak disko berria, Euskalduna Jauregian (hilak 19) eta Donostiako Kursaalen (hilak 26).
Mari Puri Herrerok egin du Musika Hamabostaldiko kartela
Musika jaialdiaren 87. edizioa abuztuaren 2tik 30era egingo dute, eta bilbotar artista arduratu da horren irudia diseinatzeaz. Juan Diego Florez perutar tenorraren kontzetu batek inauguratuko du jaialdia.
132 kantari amateurrek osaturiko abesbatza, Euskadiko Orkestrarekin entseatzen
Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren bigarren edizioa bide erdira iritsi da, eta dagoeneko egin dute herritarren abesbatza prestatzeko hamar entseguetako seigarrena. Bi hilabetez, asteazkenero, 600 hautagairen artetik zozketa bidez aukeratutako 132 abeslari ez-profesional ari dira lanean, Euskadiko Orkestrarekin batera oholtzara igotzeko.
Bilbao Blues Festival jaialdiak Travellin’ Brothers sarituko du bosgarren edizioan
Jaialdiak doako hamar kontzertu eskainiko ditu uztailaren 24 eta 26an, Areatza inguruan. Leioaztar taldeak jaialdiaren ohorezko txapela jasoko du.
Señeak egonaldiak musika gerturatuko die gazteei
Señeak Bizkaia Rock Kanpusak "lehen mailako euskal artistekin" ikasteko aukera eskaintzen die 14 eta 17 urte bitarteko gazteei.