Zetak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mitoaroan murgil

Zetakek Illunben eskainiko dituen hiru kontzertuetatik lehena eskaini du bart. Esperientzia berezi eta desberdina. Bertan egon ezin direnentzat, gaur, larunbata zuzenean emango da Primeranen eta EITB 2n.
Mitoaroa II, Illunben.

Berria eta desberdina izango zela iragarri zuen Pello Reparazek eta, zalantzarik gabe, hala izan zen bart Zetak taldeak Illunben eskaini zuen emanaldia, Mitoaroa II.

Kontzertu izatetik haratago, espektakulua izan zen bart milaka lagunek gozatu ahal izan zutena, super-ekoizpen eta esperientzia bat, murgiltze-esperientzia gainera. Izan ere, aurikularretatik entzun zuten ikus-entzuleek musika guztia eta emanaldian parte hartu zuten aktoreen eta pertsonaien ahots eta elkarrizketak ere.

Kaskoak kenduta, ez zen musikarik entzuten, bai, ordea, milaka eztarri a capella eta gogo biziz kantatzen.

Mitoaroa I-en Nafarroa Arenan bezala euskal mitologia izan zen istorioaren ardatzetako bat, oraingoan Elizaren eta Inkisizioaren marka ere nabarmenduz, historian XV. mendera atzera eginik izaki mitologikoak lurretik deserriratu ziren garaian kokatu baitzen istorioa. Hala, iraganeko pertsonaiekin mintzatu zen Reparaz, barne-leku deserosoetara eramanez hura, eta baita ikusleak ere.

Izan ere, hausnarketa pertsonal eta kolektibo bat sustatu nahirik, pisu nabarmena izan zuten dialogatuetan kritika sozial eta politikoak, Gazako genozidioaren salaketa, nola ez, baina baita naturaren suntsipenak eta hormigoizko munduak, edo kontsumo moduek ere, kulturarena barne; eta horietetik abiatuta, Reparazek inplizituki barne-galderarako bide eman zuen: non kokatzen naiz ni errealitate horien aurrean?

Euskal kulturako aurpegi ezagun ugari ikusi ahal izan ziren oholtzan aktore lanetan, Aitziber Garmendia, Yune Nogeiras, Josean Bengoetxea, Antton Telleria, baita Javier Botet eta Ignatius Farray ere. Oholtzan izan zen Maixux Zugarramurdi ere garai bateko jantziz. Kolaboratzaileen zerrenda ere, luzea, Neomak, Kukai, Fillas de Cassandra, Donostiako Orfeoia, Patxi Santamaria, Pantxoa eta Pello, beste askoren artean. Eta ez ziren falta izan Euskal Herriko inauteri anitzetako pertsonaiak ere.  

Gaur eta bihar igandea ere goraino beteko da Illunbe, aspaldi saldu batziren hiru kontzertuetako sarrerak.

Gaur, hala ere, zuzenean ikusi eta entzun ahalko da Mitoaroa II Primeran plataforman eta EITB2n. 

Albiste gehiago musika

Gehiago kargatu