Massive Attackek, beste 400 artistarekin batera, Israelen presentzia duten plataforma guztietatik kendu du bere musika
Primal Scream, Mogwai, Sleaford Mods, Arca, Ana Tijoux eta Japanese Breakfast taldeek, besteak beste, "No Music For Genocide" kanpaina babestu dute, eta Spotifyk teknologia militarrean egindako inbertsioak kritikatu dituzte.
Massive Attackek iragarri du bere musika kenduko duela "Israelgo lurraldean zerbitzua eskaintzen duten" streaming plataforma guztietatik. "No Music For Genocide" kanpainan parte hartu dute, 400 artista baino gehiagorekin batera.
Primal Scream, Mogwai edo Sleaford Mods a Arca, Ana Tijoux, Saul Williams, Downtown Boys, Japanese Breakfast eta Thor Harris musikariek sinatu dute kanpaina, besteak beste.
The Guardian egunkariak argitaratutako ohar batean, talde britainiarrak "Hegoafrikako apartheid garaiko ekintza artistiko eraginkorren aurrekari historikoa" gogorarazi du, eta Israelgo Estatuari egotzitako gerra krimenek eta "genozidioak" kanpaina hori "behar-beharrezkoa" egiten dutela azpimarratu du. Gainera, bere sare sozialetan, beste musikari batzuei "euren tristura, haserrea eta ekarpen artistikoak" ekintza bateratu batean eraldatzeko eskatu diete, palestinarrek pairatzen duten "infernu deskribaezin bati" amaiera emateko.
Massive Attackek adierazi duenez, plataforma hori Israelen egoteari ez ezik, Daniel Ek kontseilari delegatuak Helsing adimen artifizial militarreko enpresan egindako inbertsioei ere erantzuten die. "Spotifyn, artisten gain denbora luzez egon den karga ekonomikoari karga morala eta etikoa gehitzen zaio, jarraitzaileek hainbesteko esfortzuarekin irabazitako diruak eta musikarien sormen ahaleginak teknologia hilgarri eta distopikoak finantzatzen baitituzte", adierazi du taldeak.
Prima Materia, Ekeko arrisku-kapitaleko enpresak, 600 milioi dolar inbertitu zituen ekainean Helsingen, borroka-hegazkinei eta munizio militarreko droneei aplikatutako adimen artifiziala garatzen duen konpainian. Spotifyk The Guardiani adierazi dionez, inbertsio horrek ez du Gazarekin zerikusirik. Helsingek, bere aldetik, ohar batean zehaztu du bere teknologia Europan hedatzen ari dela "disuasio-helburuekin eta Errusiak Ukrainan egindako erasoaren aurka defendatzeko".
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko