Euskadiko Orkestra, 132 abeslari ez-profesionalen bila
Euskadiko Orkestrak bertako musikariekin aritzeko aukera emango die berriz, iazko lehen edizioaren ondoren, abeslari ez-profesionalei. Abestu Euskadiko Orkestrarekin programaren bigarren edizioan, 132 ahots batuko zaizkio orkestrari Baluarten (Iruñea, martxoak 13), Euskaldunan (Bilbo, martxoak 14) eta Kursaalen (martxoak 16 eta 18).
Izena emateko epea abenduaren 4ra arte egongo da zabalik, orkestraren webgunean, eta abenduaren 15ean iragarriko dute zein kantari aukeratu dituzte. Hautagaiek “gutxieneko musika prestakuntza” izan behar dute, eta partiturak irakurtzen jakin. Aurreko bi hilabeteetan, 10 entsegu kolektibo egingo dituzte Riccardo Frizzaren zuzendaritzapean emango dituzten kontzertuak prestatzeko.
Entseguok urtarrilaren 14tik martxoaren 12ra egingo dira, asteazkenetan (19:15-21:45), Miramonen, eta lehenengo hirurak Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga musika eskolan errepikatuko dira (urtarrilak 23 eta 30 eta otsailak 6, 17:15-19:45), Bizkaiko eta Arabako kantariei errazago jartzeko. Entsegu batzuetan eta emanaldietan, kantariok Easo Abesbatzako 40 kide izango dituzte lagun.
Lehen entseguaren aurretik, ahots- eta piano-partitura eta ahotsen grabazioak parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko