Chiquito de la Calzada umorista hil da
Chiquito de la Calzada umorista hil da, Malagan, 85 urte zituela. Bertan zegoen ospitaleratuta, urriaren amaieran jasandako bularreko angina baten ondorioz. Hala esan diote Eferi osasun-iturriek.
Malagan jaio zen artista, eta umorean hizkuntza berri bat asmatu zuen, arrakasta handia lortuta. Bihotz-kateterismoa egin zioten duela astebete, eta, gerora, infekzioa ere izan zuen.
Azaroaren 6an Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman behar izan zuten, eta bertan zegoen egun hartatik, infekzioagatik. Azken egunotan hobera egiten zuela bazirudien ere, ostiralean okerrera egin zuen, eta, azkenean, larunbat goizaldean zendu da, 02:20 aldera.
Gregorio Esteban Sanchez zuen izena Chiquito de la Calzadak; duela ia hilabete ere izan zen ospitaleratuta, eroriko bat izan zuelako. Urriaren 14an bere etxean erreskatatu zuten; familiakoek suhiltzaileei deitu behar izan zieten, Chiquitok ez baitzuen erantzuten eta ezin zirelako etxean sartu, giltzak barruan zeudelako. Etxera sartzean, lurrean zegoela ikusi zuten, altxatu ezinik, eta ospitalera eraman zuten.
Handik gutxira, Twitterreko bere kontuan esan zuen ondo zegoela, erorikoa baino ez zela izan. Hainbat lagunek babesa eman zioten sare sozialen bidez.
1932an jaio zen, Malagan
1932an jaio zen, Malagako Trinidad auzoan; toki horri Calzada de la Trinidad deitu ohi zaio, eta horregatik erabaki zuen bere izen artistikoa Chiquito de la Calzada izango zela.
Zortzi urterekin izan zuen lehen harremana flamenkoarekin; artista oso ospetsuekin aritu bazen ere, sona 62 urterekin iritsi zitzaion, umorerako zuen dohainengatik.
Malaga probintziako Seme Kutuna izendatu zuten iaz; esan zuenez, sari horrek poz handia sortu zion, ohorea baitzen. Malagako kostaldeko enpresari-elkarte batek ere golardo bat eman zion, izandako ibilbideagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da