Salgai daude 70. Zinemaldian Belodromoan eskainiko diren hiru filmetarako sarrerak
Dagoeneko salgai daude, Donostia Zinemaldiaren eta Kutxabanken onlineko salmenta-sistemaren bidez, 70. Zinemaldian Belodromoak hartuko dituen hiru filmetarako sarrerak.
Covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez emanaldirik antolatu gabe pasa ondoren, Donostia Zinemaldiak zinema-areto gisa erabiliko du berriz ere Belodromoa eta mundu mailako hiru estreinaldirekin ospatuko du: musika-dokumental bat, klasiko baten berrikuspena eta animaziozko film bat. Aretoak ia 400 metro karratuko pantaila bat izango du, egokituta egongo da eta ia 3.000 ikus-entzule sartuko ahalko dira bertan.
Hauek dira 70. Zinemaldian Belodromoak hartuko dituen filmak:
Irailak 17 larunbatean, Fernando León de Aranoak (Madril, 1968) Joaquín Sabinari buruz egindako Sintiéndolo mucho/Feeling it dokumentala emango da bertan.
Irailak 18 igandean, Rainbow-ren txanda izango da, Paco Leónen (Sevilla, 1974) begirada The Wizard of Oz klasikoari, Dora Postigo, Carmen Maura eta Carmen Machirekin.
Irailaren 23an, ostiralez, Fermin Muguruzak (Irun, 1963) bere azken animaziozko filma aurkeztuko du, Black is Beltza II: Ainhoa (lehen zatiak Zinemira itxi zuen 2018an).
Hiru emanaldi horiez gain, Belodromoak hauek ere berreskuratuko ditu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa; ezagutza zientifikoarekin lotutako film baten emanaldia ikastetxeetarako, astelehenetik ostiralera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategiaren eskutik; eta Zinemaldiaren azken egunean egin ohi den saioa, amaiera-galaren, Sail Ofizialaren amaierako filmaren eta Perlak saileko film baten emanaldiekin.
Banakako sarreren prezioa 8,25 eurokoa da. Saio bakoitzerako lau sarrera eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikatzen da.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da