Alberto Gastesi: "Erretratuen, aurpegien, argien eta itzalen istorioa da 'Gelditasuna ekaitzean'"
Donostiako Zinemaldiak Euskal Zinemaren Gala ospatuko du gaur, topagunearen bosgarren egunean, Victoria Eugenia antzokian 19:30etik aurrera, eitb.eus-en kamerak bertan direla.
Jai giro horretan, Alberto Gastesi zinemagileak (Donostia, 1985) Gelditasuna ekaitzean aurkeztuko du Donostian bertan filmatutako drama, estiloa erakusteko bokazioz (4:3 formatuan errodatuta dago, zuri-beltzean). Loreto Mauleon, Iñigo Gastesi, Aitor Beltran eta Vera Milan buru dituen antzeztaldeak denboran aurrera eta atzera ibiliko du ikuslea, erakutsiz, Alejandro Gonzalez Iñarrituk Amores perrosen pantailaratu zuen bezala, galdu duguna ere bagarela, hartu ez ditugun bideek ere definitzen gaituztela.
Alberto Gastesirekin eta Loreto Mauleonekin hitz egin dugu.
Zer dago Gelditasuna ekaitzean pelikularen oinarrian? Zerk bultzatu zintuen filma eraikitzeko abenturan sartzera?
Gauza asko daude pelikularen oinarrian: film luze bat egin behar nuen, bost urtez errepikatzen joan den lantaldearekin (aktoreak eta teknikariak) fikzioarekin jolasean ibili eta gero; iraganean bat egin eta gero hirian salgai dagoen pisu batean elkartzen diren bi pertsonaren istorio bat dago, baita oso modu aske eta abenturazlean filmatzeko nahia ere, tonu asko nahasiz gurea eraikitzeko bidean.
Abenturan sartzera bultzatu ninduen, batez ere, zinemari buruz dudan ikuspuntua formatu luze batean jartzeko nahiak, film laburretan jarri eta gero.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Kontagai hori pantailaratzeko moduan, apustu estilistikoa argia da hasieratik: 4:3 formatuan eta zuri-beltzean aurkezten zaigu istorioa. Zer abantaila eta zer buruhauste ekarri dizkizu erabaki horrek?
Istorioa horrela ikusten dugu nik neuk horrela ikusi nuelako pelikularen jatorrizko ideia izan nuenean. Ideiaren jatorriari atxikita etorri den erabakia da.
Erretratuen, aurpegien, argien eta itzalen istorioa da niretzat. Horregatik islatu behar dira geometria horiek zuri-beltzean, kolorerik gabe, eta enkoadraketa horiekin.
Ekarri dituen zailtasunak izan dira lantalde teknikoentzat, ohikoak ez diren moduan enkoadratu eta argitu beharrarekin lotutakoak, baina, gurea bezalako aurrekontu murritza duen film batentzat, abantaila handiak dakartza, arte zuzendariak grisen eskalan lan egin ahal izan du jantzien eta lokalizazioen koloreei ezikusiarena eginda.
Informazioa tantaka ematen zaio ikusleari istorioan zehar. Nolakoa izan da, idazketari eta interpretazioari dagokienez, kontatzen denaren eta isiltzen edo iradokitzen denaren arteko orekari eusteko lana?
Oso prozesu interesgarria gauzatu dugu Alexekin batera (Alex Merino gidoilarikidea), geruzaz geruza eraiki dugu, eta, esan gabe doa, linealtasunari entzungor eginda.
Pertsonaiek zeharkatu behar zituzten hainbat puntu argi geneuzkan, eta horiek ardatz hartuta idatzi dugu, aurrera eta atzera eginez, eta, horren ondorioz, batzuetan, ardatz horiek zalantzan jarri, eta aldatu egin ditugu.
Garrantzitsuena izan da sormen prozesu osoan jarrera jostagarri eta abenturazalea izatea, atzean sarerik izan ez, eta beldurrik gabe salto egitea, azken unera arte jakitun izanda eszenak berridatz zitezkeela, edo entseguetako inprobisazioak elkarrizketetara lerra zitezkeela.
Hortaz, ez da izan horrenbeste idatzita zegoenari eusteko edo elementuak ezkutatzeko lana, ezpada kentzeko, eransteko, aldatzeko, birpentsatzeko eta aurkitzeko jarduera anarkiko bat. Funtsezkoa iruditzen zait aldez aurreko ideiarik ez izatea, ezer kontatu nahi ez izatea, baizik eta esploratzea, askatasun egarriz lan egitea, setera iristean storyboardik edo plangintza finkorik ez edukitzea.
Egoeren arabera hartzen ditugun erabakien ondorioen eta ausazko gertakarien artean mugitzen dira pelikularen protagonistak. Zure ustez, zer pisu dauka alde horretako bakoitzak gure bizitzetan?
Tira, posibilitatea gara, gure aurrean zabaltzen diren bide infinituak, baina, halaber, inoiz hartu ez genituen bideak ere bagara. Egia da hori filmean etengabe agertzen den gaia dela, trama askatzen duen egitura ia, eszena askotan dagoen motibo bisualaz gain.
Unibertsala da: gure bizitzen une jakin batean, zirt edo zart egiteko ataka batean, ez gara ausartak izan bide bat edo bestea hartzeko. "Izan zitekeen" horren lorratzean hazten diren mamuez hitz egiten du filmak, baina ez erresuminetik, baizik eta onartuta mamu horiek gure orainean daudela, gu garena osatzen dutela, eta beraiekin bakean bizi behar garela, lasai onartu eta etorkizuna eraikitzeko.
Loreto Mauleon, Iñigo Gastesi, Aitor Beltran eta Vera Milan aktoreen lanean bermatzen da filma. Zergatik aukeratu zenituen aktore horiek, eta zer esango zenuke eman diotela azken emaitzari?
Lagunak direlako. Kasualitatez, interpretatzeko talentu erraldoia duten lagunak ditut, eta oso pozik nago beraien lanaren emaitza pantailan ikusteaz. Ezin hobea da.
Idazten duzunean, pelikulan pentsatzen duzunean, aurrekoizpena egitean eta filmatzen duzunean ere, pertsonaien itzal bat ezagutzen duzu. Nire lana da pertsonaiak beraien itzaletik irteten uztea, irten daitezela ez ekiditea, bizitzen ikusteko aukera izan dezagun. Eta pozez zoratzen nago, azkenean, benetan ezagutu ditudalako Lara, Daniel, Telmo eta Vera.
Oso pelikula donostiarra da Gelditasuna ekaitzean, hiria oso presente dago istorioan. Imajinatzen dut ez zegoela estreinarako erakusleiho hoberik Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Gala baino.
Gogoan dut haurtzaroan eta nerabezaroan hau zela urteko unerik zoriontsuena, irail amaiera, Zinemaldia bizitzen genuenekoa.
Atera kontuak zer den orain pantailaren bestaldean egotea, hainbeste aldiz eseri nintzen eserlekuetarako proiektatzen.
Nire lehen film luzea Donostian filmatzea, haurtzaroan hainbeste aldiz zapaldu ditudan kale eta txokoetan, hordialdi etengabea izan da. Eta zinema egiteko, aldarte hori soilik iruditzen zait egokia.
Estreinaldia eginda, zer bide dauka aurretik Gelditasuna ekaitzeanek?
Oraindik, pelikularen nazioarte mailako estreinaldia atzerriko zein jaialditan egingo dugun erabakitzen ari gara. Gero, zinema areto komertzialetako banaketa iritsiko da, eta espero dut ahalik eta gehienetara iristea, baina ameskeria hutsa da oraindik.
Zikloaren amaieran, plataformetara iritsiko gara. Oraindik bidearen erdia ere ez dugu egin.
"Singular", Sitgeseko zinema jaialdian saritutako proiektuetako bat, ere baduzu esku artean. Zein puntutan da?
"Singular" finantzazio fasean da oraindik, baina oso urrats garrantzitsuak egiten. 2023an filmatu nahi dugu, eta Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey izango dira protagonistak.
Gainera, Vidania Filmsen Andres Daniel Sainzen lehen film luzea finantziatzen ari gara, eta bi telesail garatzen, epe ertainerako.
Zure interesekoa izan daiteke
Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.
"Ander eta Yul" filma zaharberritu dute EITBk eta Euskadiko Filmategiak
Ana Diez zuzendari nafarraren Ander eta Yul (1988) filma zaharberritu dute Euskadiko Filmategiak eta EITBk. Boloniako Zinematekaren menpeko L’Immagine Ritrovata laborategietan aztertu eta eskuz konpondu dute, aurretik, besteak beste, Tasio filmarekin egin zen moduan
Oliver Laxek instalazio bat erakutsiko du Tabakaleran
"HU/هُو.Bailad como si nadie os viera" instalazioak Sirāt filmaren sorkuntza prozesua, ikerketa lana eta grabazioak ditu oinarri. Uztailaren 16an aurkeztuko du Laxek bera, Donostian.
Nouvelles Vagues jaialdiak izarren dirdira piztuko du Biarritzen
Biarrizko zinema jaialdiaren 4. edizioa ekainaren 23tik 28ra egingo dute kostaldeko hirian. Kristen Stewart zuzendari eta aktorea izango da epaimahaiko burua, eta Los Javisek, Xavier Dolanek, Monica Belluccik, Marion Cotillardek eta Isabelle Huppertek parte hartuko dute.
Zinegoak LGTBQ+ jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean
Ekainaren 22tik 29ra bitartean egingo den Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean. Gainera, kulturarekin eta sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiagorekin beteko du Bilbao.
Zinemaren Jaia, Hegoaldeko zinema aretoetan bueltan
Ekainaren 8tik 11ra, 3,5 eurokoa izango da zinemarako sarreren prezioa. Ipar Euskal Herrian, Fête du Cinéma ekainaren 28tik uztailaren 1era izango da.
Aurtengo Kimuak katalogoko film laburrak aukeratu dituzte
Zazpi film labur hauek hautatu dituzte euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko: ‘Aho beltza' (Alba Lozano), 'Al otro lado' (Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), 'Bitartean, gero' (Raúl Barreras), 'Hemen gaude' (Sébastien Boulard), 'High River' (Daniel Alegrete), 'Joare Tte' (Ekaitz Bertiz) eta 'Los Divulgators' (Pablo Hernando Esquisabel).
“Tamara ta Mara” euskarazko fikziozko telesail berria estreinatu dute Primeran plataforman
“Tamara ta Mara” umorez beteriko euskarazko fikziozko telesaila da, komedia zoro eta feminista bat. EITBren ‘Formatu txikiak, Talentu berriak’ deialdiaren barruan garatu den bigarren telesaila da. Bilboko Azkuna Zentroan estreinatu ostean, Primeran plataforman dago jada ikusgai.
Cannes, ispilu beltz murgiltzailean
Eta zeren bitartez sorgintzen gaituzte Carltonen Méliès aztiaren ondorengo sortzaile-teknologoek? Errealitate birtualarekin, errealitate areagotuarekin, erreala ez den errealitatearekin, errealitate mistoarekin, existitzen ez diren arren gure begi betaurrekodunen aurrean forma hartzen duten ikuskizun paregabeekin.