Euskal zinemaren egun handia, Zinemaldian
Euskal zinemak egun handia du gaur, asteartearekin, Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioan. 19:00etatik aurrera, Euskal Zinemaren Gala ospatuko da Victoria Eugenia antzokian, eta bi euskal ekoizpen estreinatuko dira, gainera, Azken agurra Koldo Almandozen lana Sail Ofizialean, lehiatik kanpo, eta Esta soledad Javier Ginerren pelikula New Directors atalean.
Eguneko hitzordu nagusia zuzenean jarraitu ahalko da 19:00etatik aurrera. Miren Gaztañaga eta Ane Gabarain aktoreek aurkeztuko dute euskal zinematografiako eragileen bilkura handia, eta gaueko sari nagusia, Zinemira saria, Jose Ramon Soroiz aktoreak hartuko du.
Iaz aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion jaialdira itzuliko da Soroiz, oraingoan euskal zinemagintzaren alorreko pertsona nabarmen baten ibilbidea aitortzeko Zinemaldiak eta EPE-Ibaia ekoizle elkarteak ematen duten saria jasotzera. Soroizen aurretik, Imanol Uribek, Alex Angulok, Karmele Solerrek, Julia Juanizek, Kimuak programak, Elena Iruretak eta Telmo Esnalek eta Asier Altunak jaso dute garaikurra, besteak beste.
Soroizez gain, halaber, beste saridun batzuk egongo dira Euskal Zinemaren galan. Alberto Gastesik EITB Egile Berriak saria jasoko du; Alauda Ruiz de Azuak Euskal Herriko Gidoilari Onenaren GIDOI + SGAE saria Los domingos filmaren gidoiagatik; iaz Urrezko Maskorra jaso zuen film horrek berak EZAE saria, zinemetara jende gehien eraman duen euskal ekoizpena izan baitzen iaz; Ana Diezek (Ander eta Yul) Euskadiko Filmategia saria; eta Aitziber Garmendiak Euskal Aktoreen Batasunaren EAB Distira saria.
Bestalde, Sail Ofizialean Azken agurra Koldo Almandozen filma estreinatuko dute, lehiaz kanpo, eta New Directors sailean, zinemagileen lehen eta bigarren filmak programatzen dituen atalean, Esta soledad Javier Giner barakaldarraren lehen film luzea.
Sail Ofizialean, azkenik, El mal padre (Roberto Bueso), Bajañi (Fernando Trueba, lehiatik kanpo), Tender loving care (Mike Leigh) eta Artakalan (Yeşim Ustaoğlu, Pandora'nin kutusu 2008ko Urrezko Maskorra irabazi zuen filmaren zuzendaria) ikusi ahalko dira astearte honetan.
Zure interesekoa izan daiteke
'Ghost in the Cell' filmak irabazi du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko film luzerik onenaren saria
Ikusi, primizian, "Hermanas" filmaren trailerra
Urkijok, "Hiru olatuak" filmari buruz: "Egin dudan pelikularik handiena da"
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da