Ion de Sosa: "'Mamántula'k umorea dauka, baina ez da txistea"
Hiriko biztanleak aztoratuta daude hainbat hilketa izan baitira, eta polizia bikote bat ikertzen hasi da, hainbat gizonen gorpuak aurkitu baitituzte, Mamantula giza itxurako tarantula erraldoiaren odol eta hazi egarriak hustuta.
Hori da Mamántula Ion de Sosa zinemagilearen (Donostia, 1981) film ertainaren abiapuntua, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusi ahalko da, filmei ez denbora edo estilo mugarik ez eta araurik ere ezartzen ez dien sail irekian.
Toki egokia da, zalantzarik gabe, thriller berezi honentzat. De Sosak berak honela definitzen du: "The X Files, Blue Velvet eta Rex, un policía diferente / Rex, chien flic telesailen arteko nahasketa ederra da".
Zure hiriko Zinemaldira iritsiko zara, Mamántula filmarekin oraingoan. Nola bizi nahiko zenuke jaialdiko esperientzia?
Oso pozik nago. Zabaltegiko aukeraketa oso ona da. Hasiera ederra da arauz kanpoko filmak, nazioartekoak, erakusten dituen sail lehiakor eta anitz batean proiektatzea, lanen iraupena ere aintzat hartzen ez duen atal batean. Erakusleiho horrek gauza positiboak ekarriko dizkigu, ikusgarritasunari, aurreragoko proiekzioei, publikoarekiko harremanei, salmentei eta prentsarekikoei dagokienez.
Pelikularen lantalde finantzario, tekniko eta artistikoaren zati handi bat estreinaldira etorriko da, eta hori oso pozgarria da niretzat, hain lan eskerga egin eta gero elkarrekin gozatu ahalko dugulako.
Berlinale eta Zinemaldia barrutik bizi izan dituzu dagoeneko, Leyenda dorada eta Sueñan los androides filmekin. Zure ikuspegitik, zerk egiten du berezi Donostiako Zinemaldia? Zein ezaugarrik zehazten dute jaialdiaren nortasuna?
Jaialdi baten ezaugarriak eta nortasuna programatzaileek zehazten dituzte, zuzendari artistikoek. Pertsonak bezala, jaialdiak urterik urtera aldatzen dira, edizio bakoitzerako aukeraketaren bidez.
Zenbaitetan, jaialdi jakin bateko programatzaileen irizpideek eta zure proposamen artistikoak bat egiten dute, eta kasualitate horrek, sinergia horrek, ematen dizu zure pelikula publikoari erakusteko aukera. Eta horregatik egiten dugu zinema.
Atsegin handiz joaten naiz jaialdietara gonbidatu moduan, Berlin, Donostia edo Cannes izan. Azken horretan, udaberrian egon ginen, Irati Gorostidiri laguntzen Contadores filmarekin…
Jaialdi konkretu baten inguruko iritzia ematea oso gauza subjektiboa da, eragin handia izaten du barrutik nola zauden, bizitzaren zein puntutan harrapatzen zaituen. 2015ean, Berlinale oso garrantzitsua izan zen neuretzat, neure buruari ezarri nion helburua baitzen Alemaniara pertsona eta zinemagile moduan garatzera iritsi nintzenean. Berretsi egin zidan ez nuela denbora galdu ahots propio baten bila, eta zirrara handiz bizi izan nuen.
Zinemaldiaren edizio hau ere oso esanguratsua da, Leire Apellanizen ondoan bost urtez egindako lana burutuko baitugu. Gure ekoiztetxearen bi lan dauzkagu lehian. Horrek oso lagunduta sentiarazi gaitu, eta oso baliagarria da hori zinema ez-konbentzionalaren bidaia zenbaitetan bakartian; are gehiago, ekoitziko ditugun proiektu are ausartagoak ditugunean aurrean.
Nolakoa izan zen Mamántula filmatzeko prozesua?
Nire bizitzako zinema esperientzia erabatekoenetakoa eta atseginenetakoa izan zen. Paola Alvarez Berlingo ekoizleak filma grabatzeko behar genuen guztia eskura izatea ahalbidetu zigun, ahalegin handiz eta fede itsuz. Hasi aurretik, ez genuen testutik ezer alboratu zailegia izango zelakoan edo arazorik nahi ez zuelako.
Laguntza handia izan nuen une oro. Carmen Main ekoizpen-diseinatzaileak, Jorge Castrillo argazkilaritza zuzendariak eta, oro har, lantalde tekniko eta artistikoko kide guztiak oso eskuzabalak izan ziren lanean eta arrisku estetiko eta formalak hartzeko orduan.
Genero beltzaren eta zientzia-fikzioaren artean mugitzen da pelikula. Nola jokatu duzu genero bakoitzaren konbentzioekin, beroriek hausteko bada ere?
Nire ustez, nahasketa ederra da The X Files, Blue Velvet eta Rex, un policía diferente / Rex, chien flic telesailen artean. Telebista giroko zerbait dauka, baita zerbait poetikoa ere, eta bi mintzairok elkarrekin uztartzen dira. Estetikoki, nerabezaroko amets bat da pelikula, hilketak erakusten dituen thriller bat, forma berezi bat, sentsualitatea eta umorea.
Gure erreferentzia nagusiak argiak ziren: Shivers, Possession, Cruising, Under the skin, Hiroshima, mon amour eta The ballad of sexual dependency Nan Goldinen argazki-liburua. Beti generaman kameraren zorroan, itsututa geundenean inspiratzeko.
Mamantulak uzten dituen gorpuak Francis Baconen eta Anish Kapooren lanetan oinarrituta daude. Hilotz desitxuratuak, zornatuak, puztuak eta hustuak, xehetasun handiko testurez eginak, ederra den zerbaitekin nazka handia emateko asmoz.
Hainbat jatorritako elementuen arteko harmonia leuna lortu duen pelikula sinplea da.
Nola josi dituzu Mamantularen eta Lorena Iglesiasek gorpuzten duen ikertzaile nagusiaren paperak, misterioz eta nortasunez janzteko?
Gutxi-asko Scarlett Johanssonek Under the skin filmean jokatzen duen rola da Mamantularena, Schwarzenegger Terminator 2-n bezala jantzita. Nola bi pertsonaia horiek hala Mamantula, beste plano batetik datoz, planeta eta garai ezberdin batetik. Antopomorfoak dira, baina erabat arrotza zaie gizatasuna, eta gure artean zenbat eta denbora gehiago egin, orduan eta sentsibilitate handiagoa hartzen dute gure espeziearekin. Maitemindu egiten dira gurekin.
Moisés Richarten presentzia magnetikoak nortasunez janzten du pertsonaia, mugitzeko eta begiratzeko moduagatik. Maite dut berarekin lan egitea.
Lorena Dana Scully, Clarice Starling eta Dale Cooper Twin Peaks-eko agentea da: intuitiboa, obsesiboa, adimenduna eta epela. Promozioko onena. Pertsona klixea da, baina Lorenaren interpretazioak berezi egiten du, kaotikoa, ia argitzen ez duen iragan aberatsa daukala ematen du… Colombo-ko Peter Falk ekartzen dit gogora.
Antzeztalde osoa zoragarri dago, eta tonua ez zen batere erraza. Filmatzen ari ginela etengabe esaten nien aktoreei: "Pelikulak umorea dauka, baina ez da txistea".
Zabaltegi-Tabakalera sailean lehian ari den beste lan batean ere hartu duzu parte, Contadores Irati Gorostidiren film labur erabat ezberdinean. Nolakoa izan da bertan zure jarduna, 1970eko hamarkadako giro industrial hori emateko?
Irati eta biok adiskideak gara. Maider Fernandezek aurkeztu gintuen, 2018ko bere urtebetetzean, eta, halako batean, Iratik bere aurreko film laburrean (Unicornio) lan egiteko deitu zidan.
Contadores-eko lanak elikatu egin nau. Iratiren gurasoen eta horien ingurukoen bizipenetan oinarrituta dago, testuinguru jakin batean: Euskadi, 1970eko hamarkadaren amaiera. Iratik beste modu batera bizi nahi duen pertsona talde bati begiratzen dio: espiritualtasun ezberdin baten bila ari dira, baita elkarrekin eta gizartearekin harremanak izateko beste modu baten bila ere.
Asko hitz egin genuen pelikula osatzen duten geruza guztiak (formala, politikoa, teorikoa, narratiboa) islatuko zituen dispositibo filmikoaren gainean. Nola irudikatu garaia, nola filmatu fabrikako asanblada, nola eman pelikulari nortasun jakin bat… Galderak egiten genizkien geure buruari, eta gustuko genituen eta geure aukeren barruan zeuden erreferentzien bidez mugatzen genituen erantzunak.
Maila pertsonalean, ikaragarria izan zen, zeren aukera eman zidan, Iratirekin, Leirerekin eta Carmen Main film laburreko arte zuzendariarekin ez ezik, miresten ditudan beste pertsona batzuekin ere lan egiteko, Maddi Barber, Ainara Elgoibar eta Usue Arrietarekin esaterako, film laburra koproduzitzeaz gain, ikuspegi oso interesgarriak eman baitzituzten.
Beste ezer al duzu esku artean?
Bai, noski. Apellaniz y de Sosa ekoiztetxean, bi film oso on bilaka litezkeen bi proiektutan ari gara lanean: Balearic (behin-behineko izenbura), nire zuzendaritzapean 2024an filmatzen hasiko garen filma, eta Anekumen, Irati Gorostidirena, eta finantzazioa lortzeko bidean dagoena.
Balearic film korala da, uda girokoa eta beldurrezko hainbat elementu dituena. Gizarte kapitalistan pixkanaka gertatzen zaigun metamorfosia du hizpide: hamazortzi urte dituzunean, mundua aldatu nahi duzu, eta berrogei urtetik aurrera dituzunean piszina bat da nahi duzuna.
Zure interesekoa izan daiteke
Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.
"Ander eta Yul" filma zaharberritu dute EITBk eta Euskadiko Filmategiak
Ana Diez zuzendari nafarraren Ander eta Yul (1988) filma zaharberritu dute Euskadiko Filmategiak eta EITBk. Boloniako Zinematekaren menpeko L’Immagine Ritrovata laborategietan aztertu eta eskuz konpondu dute, aurretik, besteak beste, Tasio filmarekin egin zen moduan
Oliver Laxek instalazio bat erakutsiko du Tabakaleran
"HU/هُو.Bailad como si nadie os viera" instalazioak Sirāt filmaren sorkuntza prozesua, ikerketa lana eta grabazioak ditu oinarri. Uztailaren 16an aurkeztuko du Laxek bera, Donostian.
Nouvelles Vagues jaialdiak izarren dirdira piztuko du Biarritzen
Biarrizko zinema jaialdiaren 4. edizioa ekainaren 23tik 28ra egingo dute kostaldeko hirian. Kristen Stewart zuzendari eta aktorea izango da epaimahaiko burua, eta Los Javisek, Xavier Dolanek, Monica Belluccik, Marion Cotillardek eta Isabelle Huppertek parte hartuko dute.
Zinegoak LGTBQ+ jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean
Ekainaren 22tik 29ra bitartean egingo den Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean. Gainera, kulturarekin eta sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiagorekin beteko du Bilbao.
Zinemaren Jaia, Hegoaldeko zinema aretoetan bueltan
Ekainaren 8tik 11ra, 3,5 eurokoa izango da zinemarako sarreren prezioa. Ipar Euskal Herrian, Fête du Cinéma ekainaren 28tik uztailaren 1era izango da.
Aurtengo Kimuak katalogoko film laburrak aukeratu dituzte
Zazpi film labur hauek hautatu dituzte euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko: ‘Aho beltza' (Alba Lozano), 'Al otro lado' (Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), 'Bitartean, gero' (Raúl Barreras), 'Hemen gaude' (Sébastien Boulard), 'High River' (Daniel Alegrete), 'Joare Tte' (Ekaitz Bertiz) eta 'Los Divulgators' (Pablo Hernando Esquisabel).
“Tamara ta Mara” euskarazko fikziozko telesail berria estreinatu dute Primeran plataforman
“Tamara ta Mara” umorez beteriko euskarazko fikziozko telesaila da, komedia zoro eta feminista bat. EITBren ‘Formatu txikiak, Talentu berriak’ deialdiaren barruan garatu den bigarren telesaila da. Bilboko Azkuna Zentroan estreinatu ostean, Primeran plataforman dago jada ikusgai.
Cannes, ispilu beltz murgiltzailean
Eta zeren bitartez sorgintzen gaituzte Carltonen Méliès aztiaren ondorengo sortzaile-teknologoek? Errealitate birtualarekin, errealitate areagotuarekin, erreala ez den errealitatearekin, errealitate mistoarekin, existitzen ez diren arren gure begi betaurrekodunen aurrean forma hartzen duten ikuskizun paregabeekin.