David Fincherren "The Killer" da aurtengo Zinemaldiko ezusteko filma
David Fincherren The Killer izango da Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko ezusteko filma, jaialdiak ohar bidez gaur jakinarazi duenez. Pelikula Victoria Eugenia antzokian eskainiko dute, larunbatean, hilaren 30ean (19:00etan), eta Erik Messerschmidt argazki zuzendaria arituko da aurkezle lanetan.
Besteak beste, Se7en, Zodiac eta The Social Network filmen zuzendariaren azken proposamena aurreko Veneziako zinema jaialdian lehiatu zen. The Killer Alexis Nolenten (Matz) izen bereko eleberri grafikoan oinarrituta dago, Luc Jacamonek ilustratu du eta Michael Fassbender du protagonista. Hiltzaile baten istorioa kontatzen du: zorigaiztoko istripu baten ondoren, aurre egingo die bere nagusiei, bai eta bere buruari ere, bere ustez pertsonala ez den nazioarteko jazarpen batean.
Beste bi saiotan ere, ikusgai
Larunbatean bertan, filmaren beste bi emanaldi egingo dituzte. Bata Victoria Eugenian bertan, baina 08:30ean, eta bestea, Antzoki Zaharrean, 13:00etan.
Donostia Zinemaldiak ezusteko film bat programatzeko tradizioa berreskuratu zuen 2019an. The Killer filmaren aurretik, hauek eman dira: Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin' Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larrain, 2021) eta Blonde (Andrew Dominik, 2022).
Film sorpresak Antiguo Berri enpresa etxebizitza sustatzaile, eraikitzaile eta lurzoru garatzailearen babesletza du.
Zure interesekoa izan daiteke
'Ghost in the Cell' filmak irabazi du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko film luzerik onenaren saria
Ikusi, primizian, "Hermanas" filmaren trailerra
Urkijok, "Hiru olatuak" filmari buruz: "Egin dudan pelikularik handiena da"
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da