Euskal zinema protagonista izateko puntuan, Goya sarietan
20.000 especies de abejasek hamabost izendapen (beste edozein pelikulak baino gehiago), Cerrar los ojosek hamaika, Robot dreamsek lau… Euskal zinemak ugari erakarriko ditu fokuen argiak larunbat honetan, otsailak 10, Valladoliden, Espainiako Zinema Akademiak urtero banatzen dituen Goya sarien galan.
Sariketa honen 38. edizioa da aurtengoa, eta aurreko urteetan arrastoa utzia dute bertan hainbat eta hainbat euskal zinemagile, aktore eta bestelako profesionalek: Alfredo Landa, Ana Díez, Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem, Alberto Iglesias (hamaika Goya sari irabazi ditu donostiar musikariak), Antonio Mercero, Imanol Uribe, Álex de la Iglesia, Javier Aguirresarobe, Andoni Erburu, Pablo Malo, Félix Viscarret, Enrique Urbizu, Karmele Soler, Pablo Berger, Karra Elejalde, Fernando Velázquez, Eneko Sagardoy, Patricia López Arnaiz, Jone Laspiur, Urko Olazabal, María Cerezuela, Telmo Irureta, Alauda Ruiz de Azúa…
20.000 especies de abejas eta Cerrar los ojos
20.000 especies de abejas eta Cerrar los ojos filmak ditu euskal zinemak argumentu sendoenak, Goyetan Handiak (10 sari, 2018an), Blancanievesek (beste horrenbeste, 2013an), Días contadosek (8 sari, 1995ean) eta beste hainbat filmek egindako bide arrakastatsua berritze aldera.
Estibaliz Urresolaren lehen film luzea, zeinak sexu identitatea eta Lucia protagonistaren zein berorren ingurukoen iragaitea jorratzen baitu, besapean hamabost izendapen dituela agertuko da Valladolidera, tartean film onenarena, zuzendari berri onenarena, gidoi onenarena eta interpretazio onenena, nola emakumezko aktore protagonistaren mailan (Patricia López Arnaiz) hala antzeztaldeko gizonezko aktorearenean (Martxelo Rubio) eta antzeztaldeko emakumezko aktorearenean (Ane Gabarain eta Itziar Lazkano, biak ala biak).
Non eta Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu zuten 20.000 especies de abejas, eta filmeko protagonistak, Sofía Otero basauriar gazteak, interpretazio onenaren Zilarreko Hartza eskuratu zuen bertan. Oterok ezingo du, nolanahi den, saria Goyetan berretsi, 16 urtetik beherakoek ezin baitute Espainiako Akademiaren saririk jaso.
Euskal zinemagintzari gagozkiola, Victor Ericeren zinemarako itzulerak bildu zituen begirada gehien iaz, Cerrar los ojosek. Goyetarako hamaika izendapen ditu Ericeren Cerrar los ojos filmak, besteak beste film onenarena, zuzendari onenarena eta jatorrizko gidoi onenarena (Erice bera eta Michel Gaztambide). Zinemak artetzat eta adierazpidetzat duen pisuaren gorespena da lan hau, Ericek bakarka egindako azken film luzea egin zuenetik hogeita hamar urtera iritsitakoa. Film onenaren Forqué eta Feroz sariak jaso ditu aurreko asteotan.
46 euskal izendapen
Goyen zerrendan aurrera eginda, Robot dreams Pablo Berger bilbotar zuzendariaren pelikula ageri da, martxoan animaziozko pelikula onenaren Oscar saria lehiatzeko egokieran ere izango dena. Bergerrek badaki zer den Goya sarien gau bateko protagonista izatea, 2013an hamar sari irabazi baitzituen Blancanieves filmari esker, baina aurten lau irabaziko ditu, gehienez ere: animaziozko film onena, gidoi egokitu onena (Pablo Berger), jatorrizko musika onena (Alfonso de Vilallonga) eta editatze onena (Fernando Franco).
Lau izendapen ditu, halaber, Chinas Arantxa Echevarría bilbotarren filmak, hiru sail hauetan: jatorrizko abesti onena (Marina Herlop), gizonezko aktore berri onena (Julio Hu Chen) eta emakumezko aktore berri onena (Xinyi Ye eta Yeju Ji).
Upon entry Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez venezuelar zinemagileek zuzendu eta Basque Films etxeak ekoitzi duen film interesgarria, bestalde, espainiar margolari handiaren hiru buru eramateko moduan izango da larunbateko gaualdian: zuzendaritza berri onenarena, jatorrizko gidoi onenarena eta gizonezko aktore protagonista onenarena (Alberto Amman).
Bitxiak dira, bide batez, zinema sarioi pintore baten izena jartzeko argudioak. Akademiak hala azaldu ditu: "Goya mundu osoan ezaguna den eta espainiar kulturarekin lotuta dagoen pintorea izateaz gain, izen laburra da, Oscarrenaren eta Zesarrenaren gisara". "Goyak zinemagintzatik gertu dagoen margolaritza erakutsi zuen, eta haren obra nabarmenetako batzuek tratamendu sekuentziala dute ia", gehitu zuen Ramiro Gomez zuzendari artistikoak. Ez dirudite oso argudio sendoak, baina jarrai dezagun errepasoa egiten.
Film asko izendatuta
Atal batean izendatuta dauden film asko daude: El sueño de la sultana (animaziozko film onena), La ermita (efektu berezi onenak), Las chicas están bien (zuzendari berri onena, Itsaso Aranarentzat), O corno (emakumezko aktore berri onena), To bird or not to bird (animaziozko film onena), Txotxongiloa (animaziozko film labur onena) eta Una vida no tan simple (jatorrizko gidoi onena).
Bestalde, Mariano García Marty eta Jon Serrano Tin & Tina pelikulako efektu berezietan egindako lanagatik izendatuta daude, eta Leire Aurrekoetxea ekoizpen zuzendaria, Valle de sombras pelikulan egindako lanagatik.
EITBk Goyetan izendatuta dauden sei pelikulatan parte hartu du: 20.000 especies de abejas, Cerrar los ojos, Chinas, Una vida no tan simple, El sueño de la sultana eta La ermita.
Sariak emateko gala Valladolideko erakustazokan izango da, 22:00etatik aurrera. Bertan gertatzen denaren eta ematen duen guztiaren berri izango da webean, ETBn, Radio Euskadin eta Euskadi Irratian.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.
Oscar sarietako unerik onenak
Oscar sariek une gogoangarriak eta look apurtzaileak utzi dituzte. Hemen adibide batzuk.
“One Battle After Another” Paul Thomas Andersonen filma nagusi, Oscar sarietan
Estatubatuar zuzendariaren filma izan da Hollywoodeko sarien 98. edizioaren gaueko izarra, sei sari bereganatuta; besteak beste, film, zuzendari eta gidoi egokitu onenen ataletan irabazi du.
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
“Argi gorriak” seriea martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman
Itziar Ituño protagonista duen komedia garratza ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago. Martxoaren 18an hiru atal estreinatuko dituzte, Kursaalen. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira seriearen sortzaileak, eta Gastesik berak zuzendu du. Antzeztaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas aktoreek osatzen dute. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.
Aranzazu Calleja musikagileak FANT zinema jaialdiaren ohorezko saria jasoko du
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia La casa en el árbol Luis Calderonen filmak irekiko du.
Beren senetik irten diren pelikulen alde, topa
Adibiderik nahi, behar? Hona hemen txundigarri oso diren pare bat: Maggie Gyllenhaalen The Bride! eta Anders Thomas Jensenen The Last Viking.