Maggie Smith aktore britainiarra hil da, 89 urterekin
Maggie Smith aktore britainiarra hil da, 89 urte zituela, haren familiak ostiral honetan jakitera eman duenez. Besteak beste, Harry Potterren filmetan eta "Downton Abbey" telesailean egindako lanagatik egin zen ezagun aktorea.
Toby Stephens eta Chris Larkin semeek ohar baten bidez azaldu dutenez, ama "bakean hil da" ospitalean, ostiral goizean.
"Tristura handiz iragarri behar dugu Maggie Smith damaren heriotza", idatzi dute haren bi semeek. "Dama" deitu diote 1990ean Elizabeth II.a erreginak titulu hori eman baitzion, "sir" tituluaren parekoa.
"Bakean hil da ospitalean, gaur, irailak 27, ostirala, goizeko lehen orduan. Oso pertsona isila zen, eta lagunek eta senideek lagundu diote amaieran. Bi seme eta bost iloba maitekor utzi ditu, eta lur jota gaude, ama eta amona aparta galdu dugulako", adierazi dute oharrean.
"Aukera hau aprobetxatu nahiko genuke Londres mendebaldeko Chelsea eta Westminster Ospitaleko langile zoragarriei azken egunetan emandako arreta eta eskuzabaltasuna eskertzeko", gaineratu dute.
"Eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi zuen mezu adeitsuengatik, eta erakutsitako babesagatik, eta gure pribatutasuna errespetatzeko eskatzen dizuegu", adierazi dute oharrean.
1934an Londres ekialdean jaioa, Smith britainiar zineman eta antzerkian ikono izan zen, baita telebistan ere, eta bi Oscar irabazi zituen bere ibilbidean zehar: 1970ean 'The Prime of Miss Jean Brodie' filmagatik eta 1979an 'California Suite' lanagatik.
1952an hasi zuen eta sei hamarkadatik gora izan duen ibilbide luzean, era guztietako roletan egin zuen lan, trebetasun miresgarriaz, eta komediarako duen graziagatik izan zen bereziki ezaguna.
Azken urteetan, Harry Potter magoaren zinema-sagan Minerva McGonagall gorpuztu zuen, J.K. Rowling idazleak pertsonaia hori Smithek antzeztea nahi izan baitzuen.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da