"Tardes de soledad" Albert Serraren dokumentalak irabazi du Urrezko Maskorra
Tardes de soledad Albert Serra kataluniar zinema zuzendariak (Banyoles, 1975) zezenketei buruz filmatutako dokumentalak irabazi du Donostiako 72. Zinemaldiko Urrezko Maskorra, film onenarentzako saria.
Jaione Camborda iaz Urrezko Maskorra irabazi zuen O corno filmaren zuzendaria buru izan duen epaimahaiak Serraren pelikularen "indar artistikoa" azpimarratu du, eta gaineratu du Andres Roca Rey perutar toreatzailearen jarduna pantailaratzen duen filmak aukera ematen digula "sormen artistikoaren mugei buruz hausnartzeko, beldurrari eta basakeriari buruz, tradizioari eta maskulinitateari buruz, besteak beste".
Saria jasotzeko orduan, Serrak esker ona agertu dio toreatzaileari eta horren lantaldeari, oso une intimoetara gerturatzeko baimena emateagatik. "Beraiei esker existitzen da pelikula, eta horregatik du beste pelikula batzuetan aurkitu ezin den benetakotasuna", adierazi du zuzendariak, eta "apur bat ausarta den autore zinema" aldarrikatu du, "edozein gairen funtsera iristera ausartzeko".
Dokumentalak hautsak harrotu zituen zinema jaialdiaren atarian eta bertan pantailaratu zutenean, animalien eskubideen aldeko hainbat elkartek Zinemalditik kanpo uzteko eskatu baitzuten.
Gainera, epaimahaiak sari berezia eman die The last showgirl Gia Coppolak zuzendu duen filmeko aktore guztiei, Pamela Anderson protagonista buru dela, "interpretatzeko gaitasun handiagatik eta galzorian den lanbide bat, bukatzen ari den mundu bat, gerturatzeagatik".
Patricia Lopez Arnaiz gasteiztar aktorearen (Ane, 20.000 especies de abejas…) eskutik iritsi zaio euskal zinemagintzari gaueko sari handietako bat: interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra ekarri dio Lopez Arnaizi Los destellos Pilar Palomerok Eider Rodriguezen narrazio batean oinarrituta zuzendu duen filmean egindako lanak.
Lopez Arnaiz Isabel da Los destellosen, Madalen alabak hala eskatuta Ramon gaixotasun larria duen senar ohia zaintzen hasten den emakumea.
Antzeztaldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra, bestalde, Pierre Lottinentzat izan da When Fall Is Coming filmean egindako lanarengatik, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo irabazi dute Laura Carreira portugaldarrak On falling prekarietatearen, turbokapitalismoaren eta inkomunikazioaren inguruko film txalotuagatik eta Pedro Martin Calerok El llanto beldurrezko filmagatik. Bi zuzendariok beren lehen film luzearekin iritsi dira Zinemaldiko Sail Ofizialera.
Philippe Piazzo eta François Ozon eta Piao Songri ere saritu ditu epaimahai ofizialak, lehen biak When Fall Is Coming pelikularen gidoiagatik eta bestea Bound in Heavenen argazkigintzagatik.
Euskal zinema
Itziar Lazkano buru izan duen epaimahaiak hala erabakita, Euskal Zinemaren Irizar saria, Zinemaldiaren edozein sailetan munduko estreinaldia egin duen euskal film onenaren golardoa, Chaplin | espíritu gitano pelikularentzat izan da. Carmen Chaplinek zuzendu du Charles Chaplinen iragan erromaniari buruzko dokumentala, Basque Films euskal etxeak ekoitzi du eta Julia Juaniz arduratu da editatzeaz.
Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Erreplika Pello Gutierrezek absentziaren inguruan egindako pelikulari.
Gainerako sailak
Cullinary Zinema sailean, Mugaritz. Sin pan ni postre (Paco Plaza) Andoni Luis Adurizek gidatzen duen jatetxeari buruzko lanarentzat izan da saria; Zabaltegi Tabakaleran, Aprilentzat izan da saria (Dea Kulumbegashvilli, Beginning 2020ko Urrezko Maskorra irabazi zuen filmaren zuzendaria) eta Monólogo selectivorentzat (Jessica Sarah Rinland) aipamen berezia; Horizontes Latinosen, El jockeyrentzat (Luis Ortega); eta Kutxabank-New Directorsen, Bagger dramarentzat izan da saria (Piet Baumgartner) eta La guitarra flamenca de Yerai Cortésentzat (Anton Alvarez) epaimahaiaren aipamen berezia.
We live in time John Crowley zuzendariaren filmaren proiekzioak itxi du gala, zuzendariak berak aurkeztuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.