Trumpek % 100eko muga-zerga ezarriko die atzerrian ekoitzitako filmei
AEBtik kanpo ekoitzitako pelikula guztiei % 100eko muga-zerga ezarriko dietela iragarri du bart, igandearekin, Donald Trump Ipar Amerikako herrialdeko presidenteak, eta gehitu du neurri horren helburua "gure herrian (Estatu Batuak) egindako zinema bultzatzea" dela.
Truth Socialen idatzitako mezu batean, AEBko agintariak esan du baimena eman diela Merkataritza Departamentuari eta AEBko Merkataritza Ordezkaritzaren Bulegoari muga-zerga indarrean jartzeko.
"AMERIKETAKO ESTATU BATUETAN EGINDAKO ZINEMA NAHI DUGU BERRIZ!" idatzi du Trumpek herrialdeko zinematografia industria "hiltzen" ari dela adierazi eta gero.
Beste herrialde batzuek pizgarriak eskaintzen dituzte zinemagile eta estudioak AEBtik aldentzeko, presidentearen hitzetan. "Hollywoodeko eta AEBko beste eremu batzuk suntsitzen ari dira", adierazi du errepublikanoak.
Trumpek ez du zehaztu nola gauzatuko dituzten zergok, Txinaren kontrako merkataritza-gerra betean.
Hain zuzen ere, Beijingek Hollywoodeko film gutxiago inportatuko zuela iragarri zuen joan den hilean. Txina zinema industria handiena duen herrialdeetan bigarrena da, AEBren ondoren.