Munduaren akabamendua Aragoiko basamortuan
Jendeak gauza ugariz egiten du berba egunotan (Iran, Israel, Gaza, atzoko, gaurko, biharko ustelkeria politikoa, beroa, ekaitzak, uda, oporrak….) Zinemazale/jaleon artean, berriz, gai bakarra dago ezpainetan: Oliver Laxeren Sirat pelikula, alegia.
Barrenetan egin digu eztanda, dar-dar bizian utzi zentzumen guztiak (zientziak balekotzat jotzen dituen bostak gehi hain zinematografikoa de seigarrena eta, segun eta multibertsoaren zein dimentsiotan gauden/zaudeten zazpigarren bat ere).
Gutako bakoitza, eraman gaituen techno-zeluoidezko trantzean geundela ( nik uste, gehiengook zorabiotik ezin atera gaude oraindik ere), ero moduan hasi ginen erreferentzien bila. Eta hara non gure delirioetan honako hauek aurkitu (edo asmatu, batek daki): Antonioniren Il desserto rosso, George Millerren Mad Max guztiak, Kubricken 2001: A Space Odyssey, Coppolaren Apocalypse Now. Bere aldetik, Ander Makazaga kritikariak euskarazko hainbat hedabidetan idatzi du Sirat-i badariola Gaspar Noeren Climax edo Lux AEterna filmek oinarrian duten isuri sentsorial bera. Atrebimendu osoz Anderrek frogatu du O que arde-ren autorea den Oliver Laxek darabilzkien kontatzeko moduek maiz egiten dutela bat Albert Serraren narratiba erradikalarekin.
Horretan gabiltza buruz belarri, bihotzez arima, gu baino askoz normalagoa den jendea San Joango suaz edo Futbol Klubetako Nazioarteko Txapelketaz arduratzen den bitartean.
Dagoeneko (filma ekainaren 6an estreinatu zen), goitik behera aztertu/ikertu/analizatu/ikasi izan dugu Kangding Rayen soinu banda super elektronikoa eta, hara!, bakezkoak egin ditugu Almodovar anaiekin beraiek baitira Sirat-en ekoizlerik garrantzitsuenak.
Antza, nahiko izan behar genuen. Nahiko eta soberan. Ba ez. Ematen dugun pauso bakoitzak, irakurtzen, aditzen, ikusten, amesten dugun orok Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen filma ekartzen digu gogora. Esaterako…
Jakin berri dugu Monegroseko Desert Festival delakoaren 32garren edizioa uztailaren 26an izango dela. Non? Aragoiko mortuan. Musika elektronikoari, technoari, soinu industrialari eskainitako jaialdi munstroa izanik, diru/sarrera leihatilaren markak leherrarazi duen zeluloidezko puska gori-goriarekiko gure antsietate sendaezina berpiztu da berriro. Zergatik?
Oliver Laxe Galiziakoa da izatez. Galiziako Zinema Novoren aurrendari eta ordezkari nagusienetarikoa, Donostian jaiotako Jaione Camborda, Lois Patiño, Álvaro Gago Diazekin batera. Baina Oliverrek ederki asko ezagutzen ditu Maroko eta Magreb osoa. Hantxe bizi izan da. Hantxe dituzte erro sendoak, abiapuntua, muina eta jomuga estreinako bere bi filmek, Filmin plataforman ikusgai dauden Mimosas eta
Todos vós sodes capitáns horiek. Ibilia da, beraz, Oliver Sahara basamortuaren sakonetan eta Aljeriako hamadan, non paisaia harrizko/hareazko eremu idorra den. Bestalde, denok dakigu desertuetan egiten direla rave festa handienak, ikusle/entzule/ dantzari gehien biltzen duten horiek. Beste leku frankotan, baita hirietako estadioetan ere antolatzen dira, jakina, baina haitz erraldoiek babesturiko hondarrezko espazio estralurtarretan gertatzen direnek badute infernuzko xarma, deabruak soilik eskaintzen duen libertate basa. Froga bezala, goian aipaturikoa, Huescako Monegrosen izango den Desert Festival.
Elkarrizketa
Oliver Laxe: "Ikusleak gorputzarekin pentsatzea nahi nuen"
Horrexegatik akordatu gara Sirat-ekin jaialdiaren berri izan dugunean. Egia, Sirat Maroko bertan da filmatua. Baina memorian eta begietan iltzaturik geratu zaizkigun irudi gehienak Aragoiko beste probintzia batean izan ziren hartuak, Teruelen. Non zehazki? 65 hektarea duen Barrachinako Ramblan, (hor zaudela, erraz irudikatzen duzu Marte planeta gorriaren balizko paisaiarik), Tortajadako urmaelean (zeinen sorrera nahiko ezezaguna den, zeinen ezaugarriak estepa gazi batenak diren) eta Villarquemadoko harrobian.
O que arde ere bertan filmatu zuten. Harrobi horretatik kareharria erauzi izan da mendeetan zehar.
Ahoa bete hortz (bete harkaitz eta harea) geratuko zara paisaia horietara guztietara begira. Beste ziento bat pelikula ibiliko zaizu dantzan erraietan. Zeintzuk? Arizonako Monument Valleyen, Utah-ko Moaben eta Kaliforniako Herio Haranean filmaturiko mila western eta Star Wars ere. Burura etorriko Txileko Ilargiaren Haranean grabatu zituzten Dune bi horiek ere.
Zeluloidezko ispilatzeetan barna gabiltza Siraten adoratzaileok, burua erdi sano erdi joana dugula. Igual esnatzen garenean, sendatzen garenean Nafarroako Errege Bardean gaudela deskubrituko dugu . Eta, akaso harri eta harea bihurtu gara.
Zure interesekoa izan daiteke
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.