Lur Olaizola: “Zerbait polita dago unerik gogorrenekin zerbait sortzeko keinuan”
Lur Olaizola Lizarralde donostiar zinemagile eta zinema-programatzailea Donostiako Zinemaldira bueltan da, 2022an zinema jaialdi horretan Hirugarren koadernoa aurkeztu eta gero. Aurrekoan bezala, Zabaltegi Tabakalera sailean erakutsiko du bere lana Olaizolak, lehiazko sail guztien artean irekienean, ez baitu mugarik ezartzez estiloari edo denborari dagokionez.
2022ko filmean, Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyesen ahotsa eta Yoyes. Desde su ventana liburuko pasarteak ziren osagai nagusiak, baita Ana Torrent aktorearen eta Lur Olaizolaren beraren interpretazioak ere. Oraingoan, aldiz, aktore gehiagok parte hartzen dute istorioan, Edurne Azkarate eta Sonia Almarcha guztien buruan, eta dolua du ardatz argi 17 minutuko lanak.
Maite, Unai eta Merche Aliciaren koadernaketa ikastaroko kideak dira, eta honetaz eta hartaz jardungo dute orriak moztu, josi eta itsasten dituzten bitartean. Bizitzaz, maitasunaz eta doluaz hitz egingo dute, besteak beste, edo horiek guztiak bizitzeko bakoitzaren bariazioez.
Doluak zeharkatzen du Bariazioak, eta, amaieran ikusten dugunez, zure aitari eskainia da. Zerk piztu zizun filma egiteko gogoa eta nola joan zen mamitzen? Zer eskaintzen dio sormen lanak sortzaileari, doluan laguntzeko?
Orain dela urte eta erdi, nire aita hil zen. Bat-batean gertatu zen, eta kolpe gogorrak dira horrelako galerak. Dolu prozesuan nengoela, film labur hau egitea atera zitzaidan; idatzi nuen lehenengo gauza Edurne Azkarate aktoreak offean esaten duen testua izan zen. Handik hasi, eta gidoia idatzi nuen.
Lehenengo bertsioa neukanean, Maider Fernándezi, Claudia Salcedori, gero filmeko lantaldean egon diren lagunoi, eta nire bikotekideari eskatu nien irakurtzeko. Ea iruditzen zitzaien hor zerbait zegoela. Hirurek baietz esan zidaten, eta aurrera egin genuen.
Pentsatzen dut sortzaileentzat helduleku bat dela sorkuntza. Niri gutxienez, sortzea atera zait, eta uste dut badagoela zerbait polita bizitzako momenturik gogorrenekin zerbait sortzeko keinuan.
Protagonistek musikan aurkitzen dute sosegua. Nola azaltzen da arteak hartzaileari batzuetan sosegua eta besteetan kemena, adorea, emateko duen gaitasun hori?
Ez dakit artearen gaitasun hori azaldu daitekeen, baina, zalantzarik gabe, badauka.
Iruditzen zait arteak emozioak transmititzeko gaitasuna daukala. Askotan, hitzen bitartez komunikatu ezin dugun hori musika edo zinearen bitartez transmititu dezakegu.
Sortzailea transmititzen saiatzen den hori, gainera, era ezberdin batean jaso dezake hartzaile bakoitzak. Sosegua izan liteke edo kemena edo adorea, zuk aipatzen dituzun bezala.
Borondate estetiko bat igartzen zaio pelikulari, edertasuna bilatzeko gogo bat. Zer toki aitortzen diozu edertasunari zure eskaintza zinematografikoan?
Egia esan, nire zinea ederra izan dadin saiatzen naiz beti. Bariazioak-en kasuan, erabaki garrantzitsuenetako bat eta film laburraren estetika erabat markatzen duena 16mm-tan filmatzea izan zen.
Fikzioa enkoadernazio tailer batean gertatzen denez, eskulangintza hori filmatzeko garrantzitsua iruditu zitzaidan irudian zinearen materialtasuna nabaritu zedin. Lehenengo aldiz egin dut lan Pablo Paloma argazki zuzendariarekin, eta errepikatzea gustatuko litzaidake. Kolaborazio hau ezinbestekoa izan da filmak daukan estetika lortzeko.
Nola neurtzen du sortzaileak noiz ari den bere munduan galduta eta noiz ari den, ostera, bere mundutik besteekin bat egingo duen hari batetik tiraka?
Pentsatzen dut sortzaile bakoitzaren arabera ezberdina izan daitekeela hartzailearekin daukan lotura. Nire kasuan, beti izan dut helburu nire zinearekin hartzailearengana iristea. Aldiz, esango nuke ez dela batere erraza.
Liburuak konpontzen aritzen dira filmeko protagonistak, eskuz. Zertan aldatzen du artearekiko gure harremana hein handi batean filmen, musikaren, liburuen euskarria galdu izanak?
Egia da orokorrean euskarriak galtzen ari diren momentu batean bizi garela. Hala ere, eta zinean zentratuz, azken urteetan badaude zenbait zuzendari berriro analogikoan filmatzen ari direnak. Moriartik, adibidez, 35mm-tan filmatu du Maspalomas. Irati Gorostidiren Aro berria 16mm-tan dago filmatuta, eta Bariazioak ere bai.
Beraz, aurten Zinemaldian ikusi ahal izango diren hiru pelikula hauek gutxienez, aipatzen duzun tendentzia horren kontrakoak dira.
Edurne Azkarate da filmeko protagonista. Nolakoa izan zen berarekin lan egitea?
Zoragarria izan da Edurne Azkaraterekin lan egitea. Film labur honetan, aktoreak zuzentzeak beldurtzen ninduen gehien, lehenengo aldiz egiten bainuen. Hirugarren koadernoa-n Ana Torrentekin lan egin nuen baina, ni neu ere azaltzen nintzenez film laburrean eta filma irakurketa baten erregistroa denez, ez nuke esango kasu horretan aktore zuzendari aritu nintzenik.
Beraz, Bariazioak-en aritu naiz lehenengo aldiz aktoreak zuzentzen, eta oso esperientzia polita izan da. Gustatuko litzaidake berriro Edurnerekin lan egitea.
Hirugarren koadernoarekin egon eta gero, bueltan zara oso-oso gertukoa duzun Zinemaldian. Zertan aldatzen du Zinemaldiko zure esperientzia bertan filma aurkezteak?
Zinemaldian egotea oso garrantzitsua da edozein zuzendarirentzat. Donostian gertatzen denez, gertu sentitzen dugu jaialdia, baina nazioartean maila handia dauka eta bertan egon ahal izatea ez da batere erraza.
Beti gozatzen dut Zinemaldiaz Tabakalerako zine-programatzaile gisa, pelikulaz pelikula ibiltzen naizelako, baina, gainera, nik egindako lan bat aurkeztu ahal izateak ilusio handia egiten dit.
Ez dago zuk egindako pelikula bat pantaila handian eta jendez beteta dagoen areto batean ikustea bezalakorik.
Zure interesekoa izan daiteke
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.